1999ko urriak 27

EZ ZARETE

 

Nik aspaldi susmatu bezala,

egia zen, beraz, ez zaretela.

Edo bai, izan bai, zer edo zer edo,

baina deus gutxi orotara,

hutsaren hurrengo huts.

 

Neureak nau hala ere arduratzen

zuenak baino gehiago.

Neu ere ez naiz,

garrasi hauei lotuta

gaua erdi-erditik urratu nahi antzuan

batzuetan zer edo zer naizela uste arren.

 

Ez baita deus

garrasi hau gauaren erdian.

Ehiztari txar baten tiro galdua.

Kantu bat mila bihotzaren urragarri.

Lurrikara bat eta milioika hildako.

Inork ikusi edo sentitu gabeko istripua.

Gerra oso bat, luzea eta zabala.

Ahuntzaren gauerdiko eztula.

 

Amaitu da,

edo amaituko,

ezer izan gabe,

inoiz izan gabe.

 

 

 

© Juan Luis Zabala

 


www.susa-literatura.eus