Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

XXXVIII

Soro arratoia eta etxe arratoia 1

(Gipuzkoakoa)

 

Soro arratoi batek

Etxe arratoia

Ikusi zuen lodi,

Gizen eta joia.

— Adiskidea —dio

Bertatik esaten—,

Zure mardultasunak

Guztiz nau arritzen;

Nonbait ongi ona da

Daukazun bizia;

Egia esateko,

Dizut enbidia.

— Nere bizimodua

Jakin nai badezu,

—Erantzuten dio ark—,

Zurea esazu.

— Ni —dio sorokoak—,

Zelaiz zelai nabil,

Ale bat edo beste

Ote dezadan bil.

Askotan biurtzen naiz

Zulora lerturik,

Aletxo bat bakarra

Bildu gabetanik.

Orduan jaten ditut

Belarren sustraiak

Eta izaten ditut

Sabel errabiak.

Nere bizimodua

Orra, adiskidea,

Orain jakin bear det

Nik ere, zurea.

— Arrazoia daukazu

—Dio erantzuten,

Eta asitzen zaio

Onela esaten:

— Zure bi saietsetan

Det ongi ikusi

Ase eta betean

Ez zerala bizi.

Argia agiri da

Batetik bestera,

Negu onetan zoaz

Goseak iltzera.

Eroen kontua da

Nekez bizitzea;

Zurrena, neke gabe

Tripa betetzea.

Sinistatu nazazu,

Nik, adiskidea,

Oraindika ez dakit

Zer dan nekatzea,

Bizkitartean nago

Beti ugiturik

Jan baino naiago,

Eta ezin janik.

Atoz, ikus dezazun

Nola nik etxea

Goitik bera daukadan

Janariz betea.

An daukatzit zintzilik

Gazta Flandeskoak,

Odolkiak, lukainkak,

Eta txorizoak.

Bakarrik nago eta

Nai nuke laguna,

Igarotzeko pozez

Jostatzen eguna.

Ozta soro arratoiak

Zuen au aditu,

Berealaxe zion

Atzetik jarraitu.

Etxera ziranean

Elkarren ondotik,

Sartu ziran despensan

Katuen txulotik.

Sorokoak ozta du

Goratzen burua,

Uste du ikusitzen

Duela zerua.

— Zer da au? —dio oiuka—.

Au bai dala mauka!

Onelako fortuna

Munduan nork dauka?

Pozez eroturika,

Trast, salto batean

Igo eta jartzen da

Lukainken gainean

Jan eta jan ari da,

Ezin ugiturik.

Ez du inork ikusi

Alako jalerik.

Onela ari dala

Sabela betetzen,

Katuaren miauak

Dirade aditzen.

Aditu bezin laster,

Eta salto bian

Etxeko arratoia

Sartzen da kabian.

Ura ikusi eta

Gero sorokoa

Lasterka ondotika,

Argana dijoa.

Nai baino nekezago

Sartu zan txulotik,

Zeren sabela zeukan

Lukainkaz beterik.

lkusten du laguna

Ikaraz betea,

Neke andiarekin

Artzen asnasea.

— Zer da —esaten dio—,

Zer da beldur ori?

Esan zadak niri.

Asnas ezin arturik,

Dio erantzuten:

— Katuaren miauak

Ez dituk aditzen?

Badituk lau etxean,

Lauak eiztariak;

Oiek jan zizkidatek

Nere bost anaiak.

Begira zak nola nik

Daukadan buztana,

Erdia larrutua,

Beste erdia jana.

Doi-doia egun batez

Nian iges egin,

Kontentu gelditu nak

Onenbesterekin.

Geroztik galtzen diat

Osoro burua,

Aditzen dedanean

Katuen miaua.

Au entzun zuenean,

Dio sorokoak:

— Maiz badira ikara

Gaur bezalakoak,

Oa, mutil, nai badek

Deabru etxera,

Naiago diat nik joan

Sustraiak jatera.

Gabaz irtenik joan zan

Esanaz, bidean,

Peligrotika libre

Arkitu zanean:

— Obe diat nik askoz

Pobreza pakean,

Ez aberastasuna

Ikaren artean.

 

 

        [1] Ariel, 1845eko otsailak 16. Alegia hau hemendik hartua: Agustin Iturriaga, Fábulas y otras composiciones en verso vascongado, dialecto guipuzcoano, con un diccionario vasco-castellano de las voces que son diferentes en los diversos dialectos. I. R. Baroja, Donostia, 1842. 18-24.

 

 

 

 


www.susa-literatura.eus