CI

Adios esan eta... 1

(Gipuzkoakoa)

 

Adios esan eta

Adios ni banua,

Laster etorriko naiz

Urrin ezpanua.

 

Urrin juaterikan

Asertetan bajat,

Kartia bialdukot

Neuk eskribidurik.

 

Lau ezkinetan bere

Suspiruz beterik,

Ezditxan daruala

Bijotza josirik.

 

Laztan dot eguzkija,

Idargija maite,

Zeu ikusi bagarik

Neu ezin nengoke.

 

Zeu ikusi bagarik

Daukadan eguna

Gaua dala uste dot,

Ain daukat iluna.

 

Len izan nozun maite

Oin maite banozu,

Zeuria izango naiz

Zeuk gura banozu.

 

Azpelik izango naiz

Etxian asarre,

Zeuria izango naiz

Ilten ezpanabe.

 

Ilten banure bere

Bilatzen banozu,

Lengo berbetan firme

Bilatuko nozu.

 

Antxina esan notsan

Ama zuriari,

Biar zindudasala

Prenda ederrori.

 

Esan zostan zuk baina

Enotsun sinistu,

Biarko ninduzula

Diruak banitu.

 

Diruak gaiti baño

Biar ezpanozu,

Zuaz Indijetara,

Zaitez indijanu.

 

Indijak irebazten

Errezak eztiraz,

Zeure begi ederrok

Gatxaguak diraz.

 

Txikitxu politori,

Zeu neure laztana,

Katigatu ninduzun

Libria nintzana.

 

Libriak libre dira

Neu orain katigu,

Orrek eragiten dost

Sarritan sispuru.

 

Sispurua da neure

Gabiango lua,

Negarra egunezko

Mantenimentua.

 

Negarra egunezko

Mantenimentua,

Pensamentu tristiak

Mundutik narua.

 

Txikitxu politori,

Lurraren ganian,

Askoren zoragarri

Zeu jaio zinian.

 

Erinontzen azpiko

Krabelina fina,

Antxina egin jatan

Zeuganako mina.

 

Jaungoikuak nai badau,

Munduan ez arren,

Bijok batuko gera

Izartxo baten.

 

Ederra da loria

Zuritxu dalako,

Ederragoa zera

Loria dan baño.

 

Loria batetik da

Loria bestetik,

Nundik agertu zera

Lora ederrori.

 

Asko egin dot pasiadarik

Maitia zugaiti,

Guztijak izan dira

Kontentu bagarik.

 

Pasetan naizanian

Zeure atarteti

Suspiru egiten dot

Biotz-biotzeti.

 

Esperantzaka bizi,

Maite gozua,

Nozbait kunpriduko da

Biotzien plazua.

 

 

        [1] ODS / AB, ff. 8-9. Berso berriac du titulutzat eskuizkribuan eta G jartzen du, alegia Gipuzkoakoa, noski mendebaldekoa.

        Bertsomoldea: a 7 a 6 ­ 7 a 6; edo A 13 A 13; alegia, modu honetan:

                        Adios esan eta adios ni banua,

                        Laster etorriko naiz urrin ezpanua.

 

 

 

 


www.susa-literatura.eus