Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

XII-c

Ternuako penak

 

Untzi batzu salbaturik,

Itsasoa pasaturik,

Arribatu Ternuarat,

Behar duten portutarat.

 

Ternua da mortu hotza,

Eremu triste arrotza,

Laboratzen ez den lurra,

Neguan bethi elhurra.

 

Han oihan, sasi handiak,

Larreak eta mendiak,

Harri, arroka gogorrak,

Lur agor eta idorrak.

 

Han otsoak eta hartzak,

Basoko bestia guziak,

Alimalien herria,

Desertu izigarria.

 

Ternuan dira salbaiak,

Eta izkimau etsaiak,

Giza bestia kruelak,

Hilik jaten marinelak.

 

Barbarian1 bizitzea,

Galeretan zahartzea,

Ez da pena gehiago,

Ternuan ez gutiago.

 

Hango lanak eta penak,

Akabatzen ez direnak,

Lan bat egin duteneko,

Mila baituzte hasteko.

 

Egunaz ez da pausurik,

Ez gabaz errepausurik,

Trabailuan bethi presa,

Lana garai ezin sesa.

 

Ezin geldi, hori behar,

Bethi egun, bethi bihar,

Astelegun guzietan,

Besta eta igandetan.

 

Gau-egunez lanez ase,

Neurrimenduz bethi gose,

Galdu jateko astia,

Loa dute garastia.

 

Han ez da behar nagirik,

Ez gezurrez den eririk,

Han dakite eragiten,

Alferra fetxo egiten.

 

Kamainan dago eria,

Triste errain2 eroria,

Nihork ez du urrikari,

Zeren ez den lanean ari.

 

Uda luzean Ternua,

Marinelen ifernua,

Herrian parabisua,

Bai azken errepausua.

 

 

        [1] Afrikako lurraldea.

        [2] Etzanda.

 

 

 

 


www.susa-literatura.eus