Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

XII

Partiada tristea Ternuara 1

(Lapurdikoa)

 

Partitzean Ternuarat

Untzia prest da belarat

Berga haut2 da arradan

Denbora onaren paradan.

 

Xuri garbi, zeru gaina,

Itsasoak eder maina3,

Haize ona belarako,

Denbora ona partitzeko.

 

Untzitik artileria,

Athean mandataria,

Enbargadi marinela,

Untziak dagien bela.

 

Partitzen da marinela,

Bihotzean triste dela,

Gomendatzen Jainkoari,

Adios dio mainadari4.

 

Adios aita, adios ama,

Behar handiak narama,

Neure burhaso zaharrak,

Zuen hazteko beharrak.

 

Adios, neure emaztea,

Esposa maite gaztea,

Tristea dut partiada,

Sekulakotz behar bada.

 

Alabainan goan behar naiz,

Munduan biziko banaiz,

Nik behar dut irabazi,

Neurekin mainada hazi.

 

Bizi beharrez bizia,

Benturatzen dut guzia,

Bizi ustean hiltzera,

Banoha hirriskatzera.

 

Itsasoak nau bizitzen,

Hark berak nau ni izitzen,

Bizi beharra5 emanen,

Gero berak eramanen.

 

Adio, neure haur xumeak,

Seme, alaba, maiteak,

Galtzen baduzue aita,

Ama alarguna maitha.

 

Adio, neure haurrideak,

Adio, etxeko jendeak,

Othoitz nitaz Jainkoari,

Dudan amorez bidari6.

 

Adi aitak semeari,

Adi amak umeari,

Adi bere emazteak,

Nigarretan haur gazteak.

 

Neure senhar maite ona,

Etxean behar gizona,

Sekulakotz gal beldurrez,

Adio darotzut nigarrez.

 

Jaunak dizula grazia,

Salborik jende guzia,

Arribatzeko bizirik,

Biaian irabazirik.

 

Marinelen emazteak

Hainitzak senhar gabeak,

Goizean dena senardun,

Egun berean alargun.

 

Marinelak mainadari,

Mainadak marinelari,

Adio erran eta pharti,

Mainada uzten nigarti.

 

Burhasoek seme ona,

Esposak bere gizona,

Haurrek ere bere aita,

Ala galtzea min baita.

 

Marinelak bizia motz,

Guti sortzen zahartzekoz,

Gehienak gaztetikan

Badohazi mundutikan.

 

Etxean beharrenean,

Kalte dadiketenean,

Orduban galtzen gizonak,

Mainada, hartzaile onak7.

 

Marinela phartitu da,

Sekulakotz behar bada,

Hainitz dohaz sekulakoz,

Hil berria ethortzekoz8.

 

 

        [1] ODS /AB, ff. 64-65. Argitaraturik BZ, 93-102 orrialdetan, Jerardo Elortza, «Ternuako arrantzaren oihartzuna euskal bertsogintzan», Itsasoa. El Mar de Euskalerria. La Naturaleza, el Hombre y su Historia. Etor, Donostia, 1987, 282-284. Hemen eskuizkribuaren arabera emango dugu. Bertsomoldea. a8a8b8b8.

        [2] Gora.

        [3] Joera.

        [4] Familia.

        [5] BZ, laburra.

        [6] BZ, gidari.

        [7] BZ. Haz zaizte onak.

        [8] Eskuizkribu berean -koz / -kotz ageri dira. Lhanderen arabera -koz Zuberoakoa da eta -kotz Lapurdikoa (1926-lii).

 

 

 

 


www.susa-literatura.eus