Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

XIV

Berterretxen khantoria 1

(Zuberoakoa)

 

Berterretxek2 oheti

Neskatuari aphalti:

— Abil eta so'gin ezan leiho hortarik3.

 

Neskatuak berhala

Ikhusi zian bezala,

Ehün gizon bazerola4 leiho batetik bestera.

 

Berterretxek leihoti

Jaun kuntiari eztiki:

Ehün behi bazerola beren zezenareki.

 

Jaun kuntiak nubleki,

Erraiten dero eztiki:

— Berterretx, aigü gureki, ützüliren hiz segürki.

 

— Ama, indazüt athorra,

Mentüraz sekulakoa!

Bizi denak orhit düke Bazko-oilaurentia!5

 

Ama horren6 lasterra

Bost-mendietan behera!

Belhainak sortharik7 zela sarthü da Lakharri-Büztanobila8.

 

— Büztanobi gaztia,

Ene anaie maitia,

Zütan hünik ezpalinbada, juan da ene semia.

 

— Arreba ago ixilik!

Ez othoi egin nigarrik!

Maulen dün ingoitik, ützüliren dün bizirik.

 

Andozeko ibarra,

Ala zer ibar lüzia!

Hiruretan ebaki zaitan armarik gabe bihotza.

 

Ama horren lasterra,

Jaun kuntiaren borthala!:

— Ai, ei, eta jauna, nun düzie ene seme galanta?

 

— Bahiana semerik

Berterretxez besterik?

Ezpeldoi altian dün hilik, abil, eraikan bizirik9...

 

Ezpeldoiko alhaba

Margarita deitzen da,

Berterretxen odoletarik bethe ümen dü ferreta10.

 

Ezpeldoiko bükhata11,

Ala bükhata ederra!

Berterretxen han ümen dü hirur dozena12 athorra.

 

 

        [1] Berterrexek ohetik... kanta aipatzen du eskuizkribuak lehen bertso bezala eta manque, faltan dela dio, nola horrela hasten den Salaberriren bigarren kaiera, honen arabera emango dugu, eta grafia eguneraturik. J.D.J. Salaberri, 211-217. Bertsomoldea: a 8 a 8 A 16.

        [2] Gavelek dioen bezala, bereter + etxe, apaizaren etxea (Henri Gavel, Un chant historique de Pays Basque, Berterretxen khantoria (La chanson de Berterretch). A. Foltzer, Baiona, 1924. Lehen bertsoa, Gavelen hirugarrena da.

        [3] Aldaera: So'gin ezan leiho hortarik ageri denez gizonik.

        [4] Jarraikitzen zitzaizkiola.

        [5] Beste aldaeretan: Bazko-gaiherdi-ondua, eta Bazko-biharamena.

        [6] Aldaera: Marisantxen.

        [7] Sortaturik, zamaturik, akiturik. Aldaerak: Bi belhainak herresta eta Bi belhainez herresta.

        [8] Buztanobi ageri da jada 1377 urte inguruan «hostau de Bustanobie de Laccarry» (Ricardo Ciérvide (ed.), Censier gothique de la Soule. Izpegi, Baigorri, 1994, 114).

        [9] Gavelek komentatzen duenez, bertsolerro honen kontraesanean poetak kondeak esana formulatu nahi izan zuela, alegia, hiltzat utzi zutela, baina amaren oinazearen aurrean semea bizirik aurkitzeko badirudiela esperantza osoa ez diola kendu nahi.

        [10] Beste aldaeretan: ahürka(z) biltzen ari da.

        [11] Bugada okzitanieraz eta katalanez; euskaraz: lixiba egitea, bokata egitea.

        [12] Hiperbolea, kondearen soldadu kopuruarekin berdintzeko emana. Beste aldaera batean: hogoi dozena.

 

 

 

 


www.susa-literatura.eus