Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

XXVIII

Ura eta arnoa 1

(Lapurdikoa)

 

Noe lege zaharreko

Gizon famatuia,

Zuk landatu zinuien

Lehenik mahastia.

Aihen balius hura,

Nork eman zauzun burura

Lurrian finkatzia?

Gizona bere tristezian

Khausitzen den orenian

Hark dauka kontsolatuia. (bis)

 

        Arnoa

Arnoa nizen bezala

Ni naute ohoratzen,

Konpainia guzietan

Xoilki nute maithatzen.

Frantzian, Italian,

Bai eta ere Espainian

Nik oro xarmatzen.

Erregeren gorthian

Bethi mahain buruian

Ni naute ezartzen. (bis)

 

        Ura

Hire balenaria2

Arras duk handia;

Ehiz, bada funtsian

Hainitz maithagarria:

Gizona desordrian

Hik ezartzen duk mundian,

Mendratzen osagarria;

Hik egin thatxen garbitzera

Eta haien kasatzera

Ni nauk obligatuia. (bis)

 

        Arnoa

Gizona dagonian

Tristeziak harturik,

Zenbait phena, dolorez

Bihotza hunkiturik,

Edan beza nitarik

Beiria arras betherik,

Gupida gaberik,

Haren phena doloriak,

Xangrin, pasioniak,

Kasaturen tiat nik. (bis)

 

        Ura

Ene xarmak ez dituk

Batere gibelatzen:

Arnoan den gizona

Nitaz ez duk orhoitzen,

Hire nonxalantzian3

Eta balenarian

Ezpiritia dik galtzen:

Grazia, konstantzia,

Gisa berian berthutia

Hik ez duk segitzen. (bis)

 

        Arnoa

Bekhaizti haizela

Zaitak iduritzen,

Arrazuinikan gabe

Baihaut mintzatzen;

Horrenbertze erraiteko,

Hik halere ez orano

Hire etsai ikhusten,

Gizonak ala emaztiak

Aphezak eta erregiak

Nik oro adiskide. (bis)

 

        Ura

Ez duk ez hi baizik

Munduian bertzerik

Etxekiko duenik

Desolaturik.

Ene edertasuna

Eta garbitasuna

Hik daukak ehortzirik:

Hordian hor habila

Hiraur idurien bilha,

Kasik ezeztaturik. (bis)

 

        Arnoa

Amorioa eta hura

Zaudete ixilik,

Zoin zoinen therminetan,

Deus erran gaberik.

Bakus bere hoinian,

Barrikaren gainian

Nik zaukaiat xarmaturik,

Mundiaren ahoan

Mahainaren buruan

Hark naukak ezarririk. (bis)

 

        Ura

Egiazko laudorioak

Nik ditiat izaiten;

Mundu guziko frutuiak

Nik ditiat freskatzen,

Untziak itsasoan,

Bethi komerzioan

Ditiat iribilazten,

Eta batheiu sainduan

Mesa sakrifiziuan,

Ni bainiz khausitzen. (bis)

 

        Arnoa

Ni ere khausitzen nuk

Mesa sainduan,

Hi beno lehenago

Sakrifiziuan.

Hortan ez duk halere

Abantailik batere

Eramaiten munduian:

Hik bihotza tristetzen

Eta nik alageratzen

Gizonen artian. (bis)

 

        Ura

Hire alagrantzia

Fite duk pasatzen,

Familietan deskantsurik

Hik ez duk emaiten.

Gizona ostatuian

Disputaren buruan

Maiz duk ezarrarazten;

Hartarik nahigabiak,

Ardura heriotziak

Dituk eginarazten. (bis)

 

        Arnoa

Ez duk emaiten

Arraposturik?

Hago beraz holaxe

Konfunditurik!

Gizonak hi utzirik

Eta ni maithaturik

Hobeki eginen dik:

Bethi bake honian,

Osagarri hobian,

Denbora pasaturen dik. (bis)

 

 

        [1] ODS / AB, ff.32-34. Ariel, 1945eko irailak 28. F. Michel, 356-359; Azkue IV, 91-94; BNP, n.af. 3342, f. 44. Erdi Aroan oso ezagunak ziren latinez eta hizkuntza erromanikoz ardo eta uraren arteko eztabaidak edo 'razón' delakoak. Debate hauek balio sinbolikoa eduki zezaketen, hala nola kastitatea eta luxuriaren arteko solasak. Bertsomoldea: eskuizkribuan irregular xamar ageri den arren, honako hau izan daiteke bilduz gero binaka: A10-18A10-18A10-18A10-18A10-18

        [2] Banaloria, hantustea.

        [3] Nonchalance frantsesezkotik: nagikeria.

 

 

 

 


www.susa-literatura.eus