Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Hiltzearen beldurra erran.

        Baina idatzi:

        Karrika izkinetan metatzen ziren zikinkeriak gure ama-hizkuntza baino askoz hobekiago tratatzen zituzten udaletxeek eta estatu zentralistek. Hil bezperan, zor zitzaigunaren eske abiatzen gintzaielarik, aitzinean altxatu horma mutu-haserrekorra, esperantzaren urgentziaren itotzeko asmoz, urmael ustel bilakatzen zen. Etsaia ortzaizean uhargitzen zen arren, tematzen ginen azkonez eta su ziriz borrokatzera. Mesprezua zerabilten ezpainetan, eta azkenean agurrik gabe ateratzen ginen boterearen gela argiztatuetarik.

        Ez genuen inoiz ezer lortzen, ama-hizkuntzak ez baitzuen haien gostuko zaborrak haina balio.

 

        Baina idatzi:

        Hatsa trenkurran ginaudelarik oraino, labaki kixkalduetan zehar, zaldunak azote eta harma kaskaka hurbiltzen zitzaizkigun. Oihanekoen esklabo eramaiteko untziak kaia hezeetan haiduru bazirela zioten harro, hizkuntza debekatuen eresiak exilioaren zeru zilarrak labanduko zituela, eta gorputzak heziko zizkigutela hainbat non gure emesoin sarraskituak begiztatzean, gizonen soakoek gohaindura seinalatuko baitzuten.

        Emenpekotasuna ez zen neholaz ere poesiaren hazkurri.

 

        Baina idatzi:

        Olerki bilduma sariztatuetako gizonen sexuak agertzen zitzaizkigun kontzientzien semaforoak kudeatzen, indar gutiziaz hanturik, bortxarako eraikirik, eme gutienez emearen larrua sardeskatzen eta egunero zaplastatzen gintuen gerla zikina aipatzean, olerki bildumetako gizonen sexuak atzeratzen ziren: hau ez da gure poesiaren gudukalorra, coitus interruptus, stop.

        Bizkitartean, solilokio erraldoian irauten zuen posta-etxe kantoian, bere bakardadean oinazez konkorturik zegoen herriak.

 

        Hiltzearen beldurra erran.

 

 

 

© Itxaro Borda

 


www.susa-literatura.eus