Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Urtetik urtera

jendearen urratsak

segurtasuna galtzen du,

ur-zipoa edo harri koxkorra

aski litzateke bidean

ahulenaren behaztopatzeko;

gorputz konkorrek

haizearen buhako azkarrei oldartzeko,

lehen baino neke gehiago dute;

eskuak,

haragiaz husturik bezala,

ez dira amets iheslarien

harrapatzera heltzen;

irriak,

dolorea ziminokatzen du

eta seme-alabak daroazkien

bakardadearen mihi herdoilak

minaren zirikari

bihurtzen zaizkie:

        urtetik urtera

        munduaren higamena.

anartean kasik sortzen ikusi dugun

haurra, so beltz xotilaren

bulkadaz,

ekakit ekakit errepikatzen ari zaigu:

nola jakingo du bada

        urtetik urtera doala

        munduaren higamena.

 

lurraren azal lehorraren antzera,

bere ohantze bustira biltzen den

erreka unatuaren pare

hertsatzen da behialako mundua;

bizkitartean ibai lodiek

beren hedadura gosetiaz orografia

guzia irensten darraite.

 

 

 

© Itxaro Borda

 


www.susa-literatura.eus