Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Haize zirimola azkarrek inarrosten dute

oreka nekez zaintzen duenaren bihotzaren

zola, zolaren zola, urrats durduzatuegiak

marrumaz hantu biribilketa eroan biderkatuz.

eta inor, inor, inor ez dago aldamenean

holtz hegietan zutik bermatzen laguntzeko!

 

garaizegi lehortu diren aurtengo hostailak,

nahar eiharrak eta belar zimelak nora nahi

eraman ditzake haize zirimola haserretuak.

zu eta ni hosto inutil horien parekoak gara

errorik gabeko izen-deitura sarraskituak,

borondate eta gerorako amets beti ukatuak.

eta haizeak hegatz xumeak bulkatzen dituen

gauetan, beldur gaitzak bereganatzen gaitu.

 

gure egunerokotasuna oldarraren, doluaren

eta segurtasun ezaren erresuma larraitza da,

haizea jabaltzean hargatik, euria hasten den

unean badakigu bake aroak iraun ez dezakeela,

beldurrezko zirimolak bihotzean dabiltzalako

inguru trinkoen inseguritatearen indartzeko.

 

 

 

© Itxaro Borda

 


www.susa-literatura.eus