Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Bortu-aska hertsi hartan

aspaldiko partez

seguru sentitzen da,

uholde iragarritik salbaturik bezala.

laster egin dezake laster

aire hotzak birikak

labaintzen dizkiola,

hatsa gal artino,

laster.

        mendi-bizkarretan gora datozen

erdeinu-mehatxuetarik

ihes abia daiteke,

aitak, senarrak, nausiak ohoratzen

dituen jendartetik

ihes,

funtsezko askatasun gisa

laudatuak diren ukamen

eta menpekotasunetarik

ihes,

        laster egin dezake laster.

        han, gainean, uholdearen haiduru,

aurpegia beltzez tindaturik,

odol-harria ahurretan

itsasorantz so dago:

joan baledi,

        aurki lezakea lurrutsetara

laguntzeko untzirik portuan?

badea basamortu aski handirik

ihes zilegiaren gerizatzeko?

ala norberak bihotzaren sakonean

darama bilatzekoa duen

basamortua?

        bihurguneko haltzaren maldara amoltsuki

erortzen dira euri-berriaren

malko etsituak:

oroitzen da maite duela eta ez diola

        oraino deus erran.

 

 

 

© Itxaro Borda

 


www.susa-literatura.eus