Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Joxemari eta Rafarentzat

 

Gure erroez, gure eleez, gure jendeez

sasi-bekaizki mintzatzen dira

folklore solasa irriz erabiliz, gureganako

apaleste ageria gordetzen saiatuz.

 

        gure erroak lurretik bortxaz bereizten

dituzte, bideak eta hodiak zilatzean

haranen sardeskatzeko balio duten

katerpillar horail erraldoiek,

        gure eleak hiztegi marduletan

giltzarrapoz hersten dizkigute,

itotzen, ahanzten, herdoiltzera uzten

ezpainetara jauki ez dakizkigun,

        gure jendeak beren haurrak

ez onartzerainoko ahalgeaz hazi ondoan

repose en paix lasterra marmarikatuz

hilerri hotzetan ehortzirik dauzkate.

 

eta errorik, eta elerik, eta jenderik

gabeko itzalkiak bilakatu gaituzte.

 

 

 

© Itxaro Borda

 


www.susa-literatura.eus