
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Loaren profesionala da Beņat nire aldean.
Zain egoten naiz aldapan jaisten den bere etxeko sabai baxuaren azpian. Kafea egiten dut, gauzak irakurri, zer gertatu den munduan, zer dioten lagunek, eta etortzen ez bada, bila joaten natzaio, nahiko, baa. Begiak irekitzen ditu, ez nau ikusten, loak irensten du berriro.
Berrogeita hamar bat metro koadro ditu pisuak eta urtearen zati handiena kanpoan igarotzen duen bere ezagun batena da —Raul—. Zaindu egiten du Beņatek alokairurik apenas ordaindu gabe; apur bat aurrezteko bere modua izan da, txukun samar irabazten hasi den arte, aurten, azkenean. Etxekoei diru apur bat utz diezaieke orain eta bera da nire inguru guztian hori egiten ikusi dudan bakarra.
Gillenenaren ostean —ez genituen zenbakiak trukatu eta bakarrik miaztu dut hari idazteko gogoa, besterik gabe hizketan segitzekoa—, niri tokatzen zait arraun egitea orain; asteburu luzea pasatzera etorri naiz. Sexu asko egon da, Beņaten iniziatibaz batik bat, eta ez dakit ezer esan nahi izan didan horrekin. Dibertimendua eta atsedena.
Zerbait hartzen egon ginen atzo bere lagunekin eta aspalditik probatu nahi zuen jatetxe begetariano batean afaldu genuen biok gero. Eraikitzen hasi berriak diren babes ofizialeko etxe batzuetan izena emango duela esan zidan, inguruko askok ere asmo bera dutela. Ondo, esan nuen, tenpuran erretako kalabazin makilatxo bat soja saltsan itoz, eta ez zaizu gehiegi gustatzen ideia, ezta?, berak, nire begi margotuen bila.
Ez dela hori, ulertzen dudala, neuk ere egingo nukeela, jakina, baina tristura ematen didala, aldi berean, bera eta bere lagun guztiak eraikuntza enpresak informazioa emateko ireki duen bulegotxoaren ateetan ilara egiten ikusteak, ulertzen dudala, zerbait egin behar duela jendeak, baina ez zaizkidala halako etxeak gustatzen, hain zuri, hain aurrezki-kutxetako iragarkietatik atera berri, errepide alboko oholetan jarritako maketa handiekin, egun eguzkitsuen promesarekin, txakurtxodun bizilagunekin. Ez nion dena esan, badaki zer pentsatzen dudan.
— Bizitza prefabrikatuak, badakit.
Postrearekin aipatu nion aitak atzo esan zidana, erretiroa hartzear diren hiru lagunek deitu dutela etxeaz galdezka, dirua dutela eta beren bizitzei buelta bat emateko asmoa. Datozen egunetan pasatuko direla ikustera. Jende ona, aitaren arabera, hala ematen duela.