
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Martxoko lehen astelehena, elurtuta esnatu da berriz mendia eta giharretarainoko bidea egin dit hotzak azkenean. Lepoa mugitzeko larri, baina hala ere derrigor eraman behar izan dut Beņat geltokira.
Lagun egin diot autobusa heldu bitartean, bere esku laztuak nire melokotoi koloreko polarraren barruan. Aspaldiko ordu ederrenak igaro genituen bart —Bordeleko denbora igaro izan ez balitz bezala bere joan-jin guztiekin, Beņatek tarteka esatea maite duen modura, edo, beharbada, hain justu, joan-jin horiek baimendu izanagatik elkarri, diot nik orain—. Aldatu egin gara, kezkak, lehentasunak, eta arraroa da ilusio zuhur hau berriro jokoan sartzen ikustea. Luze hitz egin genuen atzo ere, eta ondo dago, Jo, esan zuen, joango gara ikusten, Bordelera joateko erabakia hartu nuenean esan zituen hitz berberak, hor nonbait.
Autora bueltan, ordea, dagoeneko aspaldi —oporrak igarotzera etorria nintzen, Beņat eta biok aparkatzen ari ginen gurea orduan— gaua harekin amaitu nuen mutil altua ikusi dut aparkalekuan, bizpahiru ilara atzerago, orban handiarekin ezker matrailean. Ez dut ziur oroitzen izena —Ibon?—, baina bai nekazaria izan nahi zuela, nekazaria izateko modua egonkortu nahian zebilela, eta ezagutu nuenean eraztuntxo bat zintzilikatu berri zuela titiburuetako batean. Beste ezerk baino plazer handiagoa eman zidan horrek orduan.
Burua justuan jasoz agurtu dut distantziara eta berdin egin du berak, irribarre higatu baina zabal batekin, istant batez han sartzeko leku bat egin nahi izan balit bezala, begira nagoen furgonetan egin zidan eran gau hartan.
Egungo elur hau ez da elurra, entzun nion aurrekoan tabernan gizon bati, eta leihoa apur bat jaitsita etxerantz gidatzen noala etorri zait gogora. Mendiak aurrean, mendiak atzean —faltan hartzen nituen: nahinora begiratu eta haien muga: hemen bizitza hemen gertatzen da, esan nahiko balute bezala—, elur-usaina hartu nahi izan diot goizari; etxean beti entzun izan dudan zerbait da hori.
Norbaitek esaten zuen urtaro guztien artetik negua dela zaharrena, oroitzapenei adina jartzen diena, iragan luze batera itzularazi.
Argazki bat egin diot soro lurmentzen hasi berriari eta kostaldera bidali, Hegoari.