
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
— Has gaitezen lehenbailehen. Nik kristalak; zuk hautsak, Joana; Iņa, xurgagailua.
Amaren meneko jarri gara kafe egin berria presaka amaituta: gure komandantea da trapuak eskuetan.
Aspaldi ez nituen etxeko lanetan ikusten —asteak aurrera eta artean egiteke neukan garbiketa sakon bat— eta oharrak gorde ditut telefonoan: kristaletarako onena ur beroa, arropa beltzarentzat amoniakoa, leihoak ez garbitu sekula eguzki egunetan, lurzorua beti garbitu azkena. Inoiz ez da berandu zenbait gauza ikasteko; aurrekoan gorputzaren geruzak, gaurkoan etxeko zikinarenak.
Sekulako ganora du, esan du aitak halako batean, harro edo, biok tentsioa galtzen hasita geundela behar baino lehenago. Ikasle-pisua zerri eginda izaten zutela kontatu du punta batetik; trapuarekin aurpegi-aurpegian jo zutela etxean behin, amak, eskaileren azpitik.
Labean erretako hur batzuk, atun ona ogiarekin —hartu diot eskua berriz— eta Bordeleko ardoa atera diet eskertzeko. Asteburuan herrian bota duten pelikula atera da mahaira eta, hitz egin ahala, harrotzen joan da hark utzitako arrastoa. Iheslari gazte bati buruzkoa zen filma eta protagonistari laguntzen diotenengana joan zaigu gogoa.
— Jone preso sartu zutenean, dirua behar zen. Bikiak handitzen ari ziren, esku bat bota beharra zegoen; denok genekien. Lagun batzuek esan zuten ezetz, ez zeudela ados hark hartutako bidearekin, bazirela okerrago zeudenak eta inork ez ziela diruz laguntzen. Guk azkenean jarri genuen, gure laguna zen, berak egin izango zukeen. Badago inoiz ezertan bustitzen ez den jendea beti prest lezio moral handiak emateko —bat hasi da aurrena, atzetik segitu dio besteak, eta bien artean esan dute azkenean, pentsamendua kiribilean, ez dakit beren buruekin bakeak egiten edo noizbait norbaiti esan nahi lioketen hori nirekin probatzen.
Aldatzeko aukerez ari zirela iruditu zait, inplikatzearen garrantziaz.
Larunbata, eguerdiko ordu bata eta erdiak jota alde egin dute, duten arropa zaharrenekin eta daramaten itxura zarpailagatik barrez. Ogi erdia eta amaitu ez dugun botila sartu diet azken momentuan leihotik; pelikula amerikanoetan bezala, esan du aitak, poltsa altzoan atontzen, hor joaten dira denak duin-duin beren paperezko zorroekin, eta zer eta erdian whiski botila bat gordeta, jarraitu du, gehiagorako gogoz nabarmen.