
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Jatetxedun gasolindegi bat Hegoaren eta bion herrien arteko puntu guretzat perfektu batean; bigarren aldia da bertan geratzen garena bazkaltzeko.
Bidean, gizon gazte bat hartu dut autostopean: autobusa galdu du, autobus gehiago igarotzen diren lekuren batera eraman dezadan nahi du. Kamerungoa dela kontatu dit, Kamerun irla moduko bat dela Afrika erdian, 40 urtetik gora daramala agintariak agintean, ez dagoela klase ertainik han, edo pobrea zara edo aberatsa. Migranteen harrera zentro batean egiten duela lan, lagun bat bisitatzera etorri dela, bost hizkuntza hitz egiten dituela —zer uste zenuen, gajoa, zuk bakarrik?—. Momentuan eramango nukeen baita penintsularen azken puntaraino ere, entzuten jarraitzearren, ahazten dudan guztiaz oroitzearren, esan ziezadan, begira, han ikusten den hori da Afrika.
Kamerun aipatzen den kantu bat badela kontatu diot eta erridikulu sentitu naiz gero. Hegoak barre egin du, apuntatu, Kamerun, ametsen zerrendarako.
Kontzertu batera goaz hemendik eta Beņat ere badator. Etxe berriko giltzak eman dizkidate gaur, apurka has nadin gauzak eramaten, eta kopia bana ekarri diet. Pozago behar nuke agian, baina pozik nago hala ere.
Tragoak eskatzen geundela, ezarian bazkaritako gaia berrartu du Hegoak; zer aukera dugun nola bizi nahi dugun pentsatzeko, zein diren mugak, diruarenak, irudimenarenak. Ni beti izan naiz gauzak etorri egiten direla pentsatzekoa, esan du Beņatek gero, Hegoaren etxera heldu garenean, gau osoan kontuari bueltak ematen jarraitu eta, azkenean, amildegi horretara heldu izan balitz bezala.
Batzuetan bake handia ematen dit bere egonarriak, hanka egiteko gogoa bestetan. Hegoak badaki eta irribarre zorrotz batekin bilatu nau haren bizkar atzetik.