
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Lagun batentzat zerbait hartzera agertu da aita etxera; oraindik ez da gai bizikletan ibiltzeko, baina badator.
Ganbaran dauden beira urdinezko ontzietako baten bila etorri da, zeinak, gaur ikasi dut, bonboietarako likorea garraiatzeko heldu ziren etxera senide batek lan egin zuen txokolate fabrikatik.
Goian nengoen heldu denean, baina bi solairuen arteko atea zabaldu du, eta oihukatu, Joana, zerbait iritsi zaizu; egiten ari nintzena utzi, behera jaitsi, eta erakusketaren katalogoa da, hiru ale.
Bat oparitu diot, eta begiratuko dut, esan du adeitsu, egingo ez duen arren. Atarian zegoen, belardira begira. Duela egun gutxi etorri dira moztera —hori ere ezin du egin oraingoz—, eta estreinatzeko balego bezala ikusten da. Berak ere ilea moztu du goizean eta aspaldiko ezagun bat hil dela jakin du ile-apaindegian; ez dut ezagutu.
— Bai, plazako etxean jaiotakoa, Beltz taberna izan zutenak garai batean, bere arreba liburutegikoa —ez dakit, aita.
Ile-apaindegikoak kontatu dio urteak itsu geratutako emaztea zaintzen igaro ostean, duela gutxi gaitz terminal bat diagnostikatu ziotela, eta azkar egin zituela paperak kontua gehiegi luzatu gabe joateko. Ile-apaindegikoaren amak ere hori eskatzen diela seme-alabei, berak ere hala nahi duela, eta eurek esaten diotela idatziz jarri behar duela hori eta lehenbailehen, ez uzteko haien zamapean halakorik gero.
Bigarren eskela bat ere badago, minbiziarekin hil den eta aita baino gazteagoa den emakume batena. Hau bai, badakit nor den. Aitaren azalpena: Muņagorri baserrikoa, zapata denda bat izan zuen aspaldi. Nirea: gure klasean errepikatzen egon zen Gariren ama. Ez duela kimioarekin jarraitu nahi izan eta etxean agurtu dutela ingurukoek asteburuan. Polita da hori, esan du, eta ados nago, ezin adosago.
— Azkenean, inork ez dakigu nola hilko garen eta begira, ba, hala bada… —jarraitu du—. Bitartean hemen gaude eta… —bere kasa, hari mataza bat itsusi biltzen.
Atseden hartzen egon behar izan duen aldi honetan ikusi dituen pelikulez hitz egin nahi lidake, etxearen inguruan galdetu izan dizkiodan kontuez, baina gaur ezin dut, gaur nire zereginetara itzuli behar nuke, eta konturatu da. Alde egin du kopetan musu bat utzita, segituko dugu.
Leihotik ikusi dut aldentzen, esku batean katalogoa, bestean beirazko ontzia zintzurretik helduta, eta ziurtasun bat da: dugun guztia horretara jarrita ere, ez dugu inoiz nahikoa denbora izango hunkitzen duten eta kontatu nahi lizkidakeen guztiez aritzeko.