
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Ahoa zabal-zabal bizi den arrain goseti bat da nire posta: lan askorik gabe orain, Elisek nire proposamenari argi berdea noiz emango zain nago.
Itzultzaile baten beharra izan dezaketen lekuen zerrenda bat egin dut eta kurrikuluma bidali inoiz lanik egin nahi ez nukeen leku ugaritara ere. Hodeian pilatzen joandako ehunka argazkiak, dokumentuak, argazki-kapturak ordenatzea pentsatu dut; musika jarri dut, apurka hasi, baina gainez egin dit tamainak, egunak beharko nituzke hazi eta hazi egiten den nahas-mahas hori guztia artxibatzeko, eta akordatzerako, ez nabil ezertan.
Hortik zehar irakurri nuen gizakiaren historia osoan ekoitzi den informazio guztia baino gehiago ekoizten dugula orain urtero. Achille Mbembe: artxiboa hilerri bat da eta tenplu bat: bizitza zatiak eta denbora piezak lurperatuta han.
Ordenagailua kolpe txiki batekin itxi eta Pilarrenera noa. Arnasa, Joana; arnasa, gauzak hor nonbait ordenatzen ariko dira.
Haizearen alde egingo dugula hitz ematen diot, datorrena datorren bezala hartzen ikasi, paseoak luzatu, hegaztiei begiratzen saiatu, harik eta gutxira urduri eta nahastuta sentitzen hasten naizen arte berriz. Nik hau dena banekien, madarikatzen dut, eta hala ere; atzerako kontaketa multiple bat abian balego bezala da batzuetan, eta nahi baino gehiagotan eramaten nau arrastan. Presentziaz eta bizitza onaz diharduten aktibista, humanista, filosofo, zinemagile, poeta guztiak garaiz kanpo geratu izan balira bezala, lanik gabe haiek ere.
Jendeak zer egingo luke bere denborarekin hainbeste lan egin beharko ez balu?