
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean, gure kanpin berera joaten zen familia galiziar baten lagun egin ziren gurasoak, haien haur gazteenarena ni —Mireia—.
Gurekin etortzen zen ingurutik egiten genituen irteeretara, eta lotan ere geratu zen inoiz karabana zaharraren ondoan zabaltzen genuen denda gorrixkan. Jostailuak ateratzen nizkion, kontatu nola moldatzen ginen gure etxe gurpildun hartan, nolakoa zen gure etxe-etxea, herria, nire lagunen izenak. Keinu misteriotsuak zituen berak; bost ziren haiek eta inoiz ez zuten lekurik niretzat, ez bungalowan, ez autoan, noizbait haiekin eraman nindezaten norabait ni ere. Batzuetan, bila joaten nintzaionean, nahiago izaten zuen anai-arrebekin geratu eta uko hura laino beltz baten gisan geratzen zitzaidan buru gainean eskegita. Ekaitza lehertzearekin mehatxu egiten zuen, ilundu egiten zidan bista eta ezin izaten nuen ezer egin haren itzaletik askatzeko, bere kabuz desegin zedin itxaron baino. Gurasoetako bat ohartzen bazen, bizikletarekin buelta bat ematera laguntzen ninduen. Irakurri, bestela.
Urteekin, pilatzen joan dira egoerak. Beste pertsona batzuen arteko loturak non ez naizen parte, edo ez behintzat parte inportante. Pertsonak aldatu dira, motiboak ere bai, baina sentsazioak igualtsu iraun du: itzal bat da buru gainean zintzilik, eta argi faltan barrua bizkor ihartzen daki, batez ere bularraldea, zeinaren ondorioz arnasak jasaten duen alterazio handiena, airea hartzea eta botatzea bezalako gauza sinple bat oso gauza konplikatu bihurtzeraino.
Bordelen bizitzen jarri eta lehen asteetan, bikote ziren lagun bik etxera gonbidatu ninduten afaltzera. Ardoa irekitzen bakarrik utzi zidaten, eta aulki altu batean jarrita egon nintzen barazkiak nola zuritzen eta gazta puskekin torretxo bat nola osatzen zuten ikusten. Mundua handi geratzen zaidan hilekoaren bezperako egunetan nengoen, eta sakon eskertu nuen aspaldikoz norbait niretzat modu horretan kozinatzen ikustea, trukean ezer eskatu gabe nola mimatu ninduten jabetzea.
Gero kalera egingo genuela ulertuta heldu nintzen, baina konturatzen joan nintzenean haien asmoa beste bat zela, biharamunerako planak zituztela eta berandu gabe oheratu nahi zutela, birikak txikiagotzen hasi zitzaizkidan, itzala zutitzen. Beldurra sentitu nuen gauaren bigarren partea eta hark zekarren igandea bakarrik igarotzeagatik. Etxera bidean, banku batean eseri eta esku bien haragizko katilu itxitik hartu behar izan nuen arnasa. Orduan ez nekien, pasatuko zitzaidan gehiagotan.
Gertatutakoa artean fresko nuela, baina jada niri gertatu izan ez balitzait bezala begiratu niezaiokeenean, bietatik lagunen nuenari kontatu nion. Psikologia sozialean espezializazio bat egiten zegoen bera hirian eta hari entzun nion lehen aldiz hitza: autofobia: muturreko beldur irrazionala bakarrik egoteari, azaldu zidan —nik ez daukat hori, pentsatu nuen—. Ez bakarrik sentitze hutsari, ezpada heltzear den denboran bakarrik egoteko aukerari izatea benetako izua, jendeak zu aintzat ez hartzeari, maitatua ez sentitzeari. Nahitaez norbait behar izateari ondoan seguru sentitzeko, laburtu zuen. Gehiago edo gutxiago, nork ez du pairatzen hori?, pentsatu nuen.
Gurasoen garai bateko burlaz gogoratu nintzen, artean oso gazte ginela lagun taldeko ia denok lotu ginelako bikote-harreman batera; ez dituzue 18 urte eta badirudi bakarrik geratzeko beldurra duzuela. Edo lagun batek hainbestetan haizatzen zuen beldur patriarkal hura, baietz ni izan katu batekin amaituko duena.
Denborarekin ulertu nuen eta orain baditut tresnak —ez dute beti funtzionatzen—. Bihotza azkartzea, hiperbentilazioa, arrisku sentsazioa. Oraindik itzul daitezke.