
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Erosketekin etxerantz nentorrela, urteak ikusten ez nuen norbait zuhaiztian niganantz: Maialen: gorriak ikusarazi genizkion aspaldi.
Modu berean sentitu dut hurbiltzen aspaldiko arratsalde udatiar bat, itzaletara bildutako abereen pausan igarotzen genuenekoa denbora, igerilekuan ahal zen gehiena.
Maialen azkena iritsi zen batean —sarri izaten zen, digestiorako tarte luzea beteta; zintzoegia zen, hori zen?—, egun hartako jolasa binaka zela esan zitzaion, kopuru bakoiti bat ginen guztira, eta gora begira igaro zituen orduak, harik eta, duintasun osoz —hori orain ari naiz pentsatzen—, nahikoa zela erabaki eta alde egin zuen arte.
Iluntzean, etxera deitu zuten haren gurasoek, neureen lagunak, eta geundenetan bertan, oinetakoak jantzi eta barkamen eske joatera behartu ninduten. Amak behean itxaron ninduen eta eskailerak igotzen hasi eta lehen solairuan topatu nituen Maialenen aita lanpasean eta pare bat urrats atzerago Maialen, bizkarra armairu baten kontra eta esku biak intxaur baten bi erdiak balira bezala bilduta atzean. Nahi gabe izan zela baino ez nuen jakin esaten bere aitak entzuteko moduan, baina barrutik aritu nintzaion Maialeni, ez hartzeko horrela, bazekiela errua nirea ez zela. Momentu batean ere ez zituen begiak lurretik altxatu, eta bere kizkur horikarak oroitzen ditut buruari beherantz egiten tira.
Kizkurrok errekonozitu ditut urrutitik gaur. Bixi, Unax, ez gara sekula helduko, esan du beste alderantz begira, eta, biratu denean eta elkarri begira geratu garenean, tartetik pasatu zaigu ume bat patinete malba batean, bainujantzian, muturra zikin, zeinak ardi mutildu baten pareko burutxotik esan duen agurrr, erreak gurpiltxoetan bueltaka eramanez.
Agur, errepikatu dut, apur bat umeari, apur bat Maialeni. Agur, berak ere, eta ez dut inoiz jakingo zer ikusi duen bidean aurrera segitu duenean.