
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Etxean egon arren, nire gauzetan egon arren, hemen ere ez dut ezer behar burua zarataz betetzeko.
Oinez ibiltzera ateratzen naiz orduan, gogoz kontra askotan, baina horrela baino ez dut lortzen murmurioa apaltzea. Ezer berririk ez; paneletan ere jartzen dituzte gaur paseatzearen abantailak. Nire kasuan, egunik onenetan —eguzkidunetan—, saihetsak zabaldu egingo balitzaizkit bezala da eta oharkabean arnasa gehiago kabitzen zait enborrean.
Hortik libre egotetik nentorren —Bordelek zuen abantaila zen—, baina inor gutxirekin topo egingo dudala sumatzen dudanean gustatzen zait etxetik ateratzea hemen. Bazkalostean, demagun. Isiltasun zuria da bitarte horietakoa —bulegoko lana utzi nuenean, hura berreskuratu izana iruditu zitzaidan gauzarik handiena—, eta leundu egiten ditu galdera minenak —zertan den aingura botatzearena, zer espero dugun elkarrengandik; nola bizi batera—.
Behin amak esan zidan eta denborarekin arrazoia eman diot: besteen begiak gainean sentitzen dituzunean, zaila da, uneren batean, zaren horretaz ez lotsatzea.
Ezarian, etxetik norabide batean aldendu eta kontrakoan bueltan ekartzen nauen ibilbide bat finkatu dut azken egunetan. Aldiro baloiren bat edo garbigailurako xaboiarena bezalako plastikozko ontziren bat kateatzen den presa bat zeharkatzen dut lehenik, ahateak bizi dira hor, zein baino zein harroago, distirantago; fabrikak datoz gero, eta fabrikanteak; basoertzeko bide zati bat, baserri batzuk, herri irteerako gasolinera eta, bidearen azken partean, behi batzuk errepide ondoko larrean bazkatzen, ipurdi alde guztia lokaztuta sarri —haien lau urdailetan pentsatzen dut pasaeran, haien digestio pausatuan—. Pixka bat aurrerago bistaratzen da berriro ibaia —Garona ertzetik oinez segitzeko modu bat da— eta beste pixka bat aurrerago etxea: hurbildu ahala —bi orduz azpiko deskonpresioak lagunduta—, ezustean harrapatzen nau igortzen duen eternitate aire batek.
Atzo hartu ninduen etxe bera da, egun bat zaharrago. Bizi guztian hemen ezagutu duen atso batek eta begiak artean ezer bereizteko bezain bukatuta ez dituen haurtxo batek ikusten duten berbera. Ezustean goitik behera eroriko balitz bihar, ezerk ez luke aldatuko etxea, gaur, existitu egin dela.