
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aiaren deia: ea Lurrez arduratu naitekeen gaur ordubetez.
Ez nau apenas ezagutzen eta ez dut neure burua gai ikusi hasieran. Poztu egin nau deiak, aldi berean, eta Aiak uste baino hobeto ere moldatu gara azkenean. Giroa umel, liburutegira eraman dut, eta pardel handiaren gainean jarrita liburuak miazkatzen aritu den beste ume bati ezkutuan barrez egin gara egiaz lagun. Ez da hasiera txarra, ospatu dut.
Trago batekin eskertu dit gero Aiak, alai aspaldikoz ile-apaindegitik pasatuta —motz eta teila-koloreko ekarri du, eder dago, beti egon da—, eta heltzear zen Beņati idatzi diot atariko loreen artean lurperatzen dudan ordezko giltzarekin sartzeko barrura, berehala izango nintzela.
Porru krema eta kalabazin tortilla prestatu ditu —nahiago izango nukeen atzo erosi nuen haragi pila ikusi izan ez balu, berak ez du jaten batere—, eta auzoko kooperatiban saltzen hasi diren garagardo bat eskaini dit heldu naizenean, probatzeko. Pozik sumatzen dut bera ere bere gauzekin, beti sumatu izan dut. Gainean eseri zait gero eta bizkarrezurraren bi hegalak askatu dizkit, eskuekin lehenengo eta ezpainekin ondoren. Bueltatu zarelako nago pozik, xuxurlatu dit, bero eta iruzurti.
Plan posible bat atera zaio udarako, ia hilabete Europatik bizikletan, Venezian hasi eta Pariseraino, Dolomitetatik, Austriatik, Alemaniatik igarota. Diru pixka bat baduela aurten, lagun bat atzetik, eta ea inporta zaidan, ea nik buruan zer dudan. Buruan gauza batzuk bai, baina oporren ingurukorik ez oraingoz.
— Aurten lasai, lan batzuk egin, lur hartzen segi, aurten horrela, aurten trankil, saiatu nahi dut.