
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aspaldi ikusten ez nuen lagun batekin elkartu naiz gaur Donostian —Sara—.
Hiriaren eraldaketaz hitz egin dit, argien ordena iraultzen joan den bitartean; zeruarena apaltzen eta eraikinena indartzen.
Portu aldera joatea proposatu du eta barkuei begira gaude orain: hiriaren historia aristokratikoa ekartzen didate gogora, banderatxo espainiar horiekin.
Gehien gustatzen zaidan hiriaren ikuspegia ez dago hemen, Bixente Ameztoik margotu zuen. Itsasoaren mendebaldean zaude, Igeldo aldeko larre batean, non luze ibil zaitezkeen eta ez heldu inoiz behera, begi-bistan badiaren u-a duzula zabal, ez eguzkirik ez argazkirik hartzen ez duen inor gabe, zeruarena ez beste argirik gabe. Mendi gehiago atzean, ezpain hoztuen koloreko, eta han ere giza arrastorik batere ez. Zail da asmatzen behin izan zenera ala inoiz izan daitekeenera, nora hurbiltzen zaituen gehiago.
Desazkunde jarrera bat ikusi nahi dut nik; nahi adina ez edukitzea eta dugunarekin nola egingo dugun pentsatzea.
Oporrak hartu berri dituzten ikasleen algara entzuten da eta lagunak hitz egiteko behar handia du —berandutzen ari zait—. Haren hitz etsiei kontrapisu egitea dagokit gaur, eta uretan bukatu dugu azkenean, airea bero dagoelako oraindik —gaueko hamarrak dira— eta ura ere bai dagoeneko —ekaina da—.
Etxeratu nahi ez duen jendearen artean —turista zikinak, Sarak aspertzeraino— hala moduz aldatu, eta metalezko eskaileran pilatxo bat eginda utzi ditugu gauzak. Azal iluneko hiru gazte hurbildu dira atzetik eta, pilatxora gehiegi makurtu direla iruditu zaionean, harantz hasi da igerian Sara. Mutiletako bat kantari zutitu da —altaboz bat jartzen ari zen— eta burua uretan sartu du orduan lagunak, etxe ondoko presan bizi diren ahateak gogora ekarri dizkidan modu batean. Nahikoa ez aurretik eta are okerrago sentitu da gero.
Rap frantsesa eguna ixteko; hiru gazte airean itzulika eta kaltziozko ilargi minimo bat goian zintzilik, badiaren bizkarrezurra lez, diz-diz.