
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Etxean sartu eta gutxira, erratza pasatzen ari nintzen adineko andre bat atariraino sartu zenean.
Zu zara orduan Gregoriren iloba, esanez bezala begiratu ninduen, mesfidati, agian dezepzioz, eta loreei erreparatu zien gero: Hango horiek nik ekarri nizkion. Barruko geruzaren batean, haserre zirudien, ez dakit denboraren joanarekin edo berak hain oparo ezagututako baratzean belarra baino ez genuelako orain. Behin, hasi zen, abuztuan ilarrak sartzen tematu zen zuen aitona eta barre egin genion Gregorik eta biok; udazken hura oso epel joan zen gero, eta abenduan ilarrak jan genituen denok, ortuko urrea.
Telefonoa eman zidan, apuntatu, Juana. Deituko niola esan nion, baina ez dut egin eta denbora gehiegi igaro dela iruditzen zait orain. Joan zenean etxekoei galdetu nien nor zen Juana, eta jostuna, azaldu zidaten, ezkontzetarako, bataioetarako eta halakoetarako, badakizu.
Etxean dauden talde-argazki gehienak, pentsatu nuen, ezkontzetakoak dira.
Egongelan dago handiena, aitona-amonena. Haien azpian etzanda egon nintzen hemen lo egin nuen lehen gauean. Larunbata zen, negua. Orduan oraindik ez nekien nola mugitu etxetik —Andreak hemen Perecen esaldi ezaguna sartu ahalko luke: bizitzea espazio batetik bestera mugitzea da, ahal dena egiten ahalik eta gutxien kolpekatzeko—, ez nekien zein aldetan eseri mahaian, zer ordenatan egin eguna. Garbi sentitu nuen ideia txarra izan zela, ez nintzela moldatuko, arrazoi zuela aitak eta handi egingo zitzaidala dena. Baina ez da hala izan, eta ziurrenik nire parterik umotuenak —jakin daiteke non sartzen zaren batzuetan?— bazekien hori orduan ere. Negarrari eutsi nion eta ez nuen ezer egin, ez telebista piztu, ez irakurri, ez mezurik erantzun; gorputza luzatu nuen, uzkurtu; baretu arte egon nintzen etzanda eta biharamunean, argitu zuenean, utzitako lekutik berrartu nuen dena, lasaiago.
Sudaderako txanoa jantzita eta manta marroi bat soinera estu kiribilduta ageri naiz hemen atera zidaten lehen argazkian. Har bat naiz zeta-hariz egindako kapuluaren barruan.
Atzo ezagutu nituen etxea erosteko interesa duten hiru emakumeak. Txakurrarekin etorri ziren, ez oso handia, baina ile guztia laztu eta bizkarra arku bat lez kakotu zuen Mmak. Gustatu zitzaien etxea, baina zalantzak dituzte, fabrikak hurbil izateagatik, besteak beste; oraingoz, beste aukera pare bat ere aztertzen dabiltza.
Irteeran pentsatzen dudanean, apenas sentitzen dut ezer, ez liberaziorik, ez tristurarik. Edo agian bai eta biak sentitzen ditut apur bat nahasian, nola nahasten diren ur gazia eta koipe lodia itsasportu batean.