
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Gurasoak ere bueltan: afaria prestatu dut hirurontzat: tomate entsalada eta patata tortilla, ogi egin berria.
Belardira atera dudan mahaian egon gara hizketan, jaten, sagardoa edaten. Euri-tantak iragarritakoa baino goizago iritsi dira, eta barrura egin behar izan dugu bizkor nahi baino lehenago, beste apur bat jarraitu han, bata argazkiak erakusten, bestea ontziak garbitzen, pilatutako hitz-bolak askatzen ni. Gure alaba mutua, esan dute, igartzen da bai ez zarela inor askorekin egon egunotan.
Oroitzen dituzten soinu zaharrenen inguruan galdetu diet —Ama: Herrira bizitzera etorri ginenean, auzoko andre batek denok entzuteko moduan irabiatzen zituen arrautzak. Urtetara, gajoa, su eman zion bere buruari hilerrira doan bidean; Aita: Goiz samar oheratu eta ohetik igelen hotsa entzuten egotea gustatzen zitzaidan, orain zuk lo egiten duzun logelaren ondoan— eta, izan, gau osorako galderak ditut —euren gaztaroaz, arbasoez, zuhaitza berregin nahi nuke albait urrunen, lanbideak, jatorriak—, baina aharrausika ari dira; etxera joan nahi dute, etxera joateko ordua da.
Itoitzen amona ingresatu dute, hori ere gertatu da gaur. Deitu diot eta dena ondo joango da, Ito, esan, 94 urteko norbaitentzat horrek zer esan nahi duen ez dakigun arren.
Badira urrezko esaldi batzuk. Behar duzu zerbait? Astia daukagu.