
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Etxe bat ezkutaleku bat da, munduarekiko lotura. Vivian Gornicki goizean irakurri diodana; bizitza batez ere lana da, eta soilik gero maitasuna.
Inguruan salgai daudenak ikustera sartu naiz gaur berriro: atzeraka erortzeko moduan segitzen du denak. Eta, berdin, batek ez du itxaropena galtzen, egoera gaiztotzen nola ari den ikusita, eskakizunak igotzen ditu batek: exijitzen da etxe bat argitsua, oso! argitsua, leiho handiekin berde asko sar dadin barrura, zuhaitzen tinkotasuna eta hostoen malgutasuna. Satorzulorik ez, eskerrik asko, eta oheak, guztiak, egurats gorri eta epelen parekoak, umetokiak, ugariak, jauregietan esnatzeko, elkarrekin eta bakarka, eta inor ez jauregiekin amesten. Orain: baietz esan diot Aiak eskainitako pisu-zulotxoari.
Nire gurasoentzat beti izan da gauza handia etxe propioa izatea, habia bat, gure habia, edozeinek izan beharko luke berea josteko aukera, esango lukete. Behin izan nintzen ume hark izu-izua zion habia hura zuhaitzean dar-dar sentitzeari.
Klasekide batzuen gurasoak nahiko jarraian banandu ziren, gurasoek eztabaida-bolada luze bat izan zuten, eta gau batean ohetik salto egin eta arrantzaka sartu nintzen sukaldera, ume garaiko oroitzapen zehatzenetako bat da: altzoan hartuta baretu ninduten, komuneko tazaren gainean, amak lehenengo eta aitak gero —ni orain baino pixka bat zaharragoak baino ez ziren, orain jabetzen naiz, bikote gazte samar bat artean—, eta negar egin zuten egun haietan eurek ere, bakoitzak bere erara. Negarrez ikusi nituen lehen aldietako bat izan zen.
Manexen gurasoak lan-mundura sartzen hasi ginen sasoian banandu ziren. Orduko gure pisura etorri zen bitarte hartan Manex eta konbate isil batean igaro zituen egunak, ondo ulertzen ez zuen beldur baten kontra. Gaur da eguna esaten duena ez dela inoiz orduan bezain arin sentitu, ikusita, egiaz, motxila batean kabitzen zitzaiola behar zuen guztia.
Etxeak aldatu egiten dira, pertsonak aldatzen garen ber gisan, gauza ona da. Nire aitaren amaren sukaldea da orain nire sukaldea, nire amamaren amaginarrebarena; oso bestelako usain bat dago. Ez dago konpotarik gabonetan, galeperrik ehiza garaian, arrautza eta txorizo opilik garizuman. Batzuetan dena bistan dago, beste batzuetan ezer ez.
Non daude aitak zatika baino kontatu ezin dizkidanak? Oroitzea baino jestu zehatzagoren bat irudikatzen dut, airean zulo bat egin eta azal biziko zerbait ukitzea.
Bitxia da nola barreiatzen den iragana, nola aurkezten den aldiro modu zatikatuan bizi izan balitz bezala.
Bitartean, diskretu, etxeak arnasa hartzen segitzen du, lubaki erako zimur sakonetan gordeta dituela barruan gertatutako guztiak, berbaldiak, erauntsiak, gorputz zerraldoen eta erditu berritako gorputzen inguruko giza korroak. Etxea eriondoan aurrera segitzen duen sosegu eta zuritasun urmael bat balitz bezala.