
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Gau bateko lagun bat izan nuen behin Bordelen. Bere dena gustatzen zitzaidan, ņabardurarik gabe, bere erritmoa, bere arropa, mundura ateratzeko bere modua —indartsua, anonimoa—.
Ia hamar urte gazteagoa zen ni baino eta gutxi bezain drogazalea hain pertsona diziplinatuarentzat. Katalana zen, filosofia ikasi nahi zuen; Bordelen amaitu zuen, lagun baten lagun bat tarteko, frantses eskola luzeak hartzen egunez eta kamarera lanetan gauez —Julia deitzen zen—. Pandemia sasoiko festa klandestino batean ezagutu nuen; eguna egin arte luzatu genuen gaua bietako inork ondoegi ezagutzen ez zuen jende baten etxean.
Hurrengo arratsaldean herrira nentorren, lehenengoz itxialdiaz geroztik, eta bere asmoekin zerbait gertatu zen —zer ez nuen inoiz ondo jakingo—: itzuleran ez zegoen han.
Harremanetan jarraitu genuen, Bartzelonaren inguruan hitz egiten zidan, ekologia modu zabal batean lantzen zuen irakurle talde batez, musika elektronikoaz, berriro Bartzelonaz. Idazleak gomendatzen zizkidan, pelikulak, Je me sens comme toi: seule la plupart de la journée et connectée ā tout ā tout moment, idatzi zidan behin. Arraroa zen, euskaldun bat eta katalan bat ginen elkarrekin frantsesa praktikatzen.
Gau hartan kontatu zidan neba galdu zuela umetan eta ama gero, zuloaren sakona ukitu zuela orduan, baina, guztiaren gainetik, bizitzeko gogo handia zuela orain —horrek liluratuko ninduen, ohartzen naiz—. Bere ama igerilari profesionala izan zela ere kontatu zidan. Bideo ugari zeudela sarean, baina oraindik ezin zituela ikusi. Dibertigarria zen nola ebokatzen zuen haren irudia, anfibio gorputz gihartsua abiada betean, begiak igel batenak bezala hazita hitz egiten zidan bitartean. Oteizaren inguruan ere hitz egin zidan, zeina irakurria zuen nik baino askoz zabalago, arte garaikideaz, eta oro har hain sendo izerditzen zuen ezagutza-goseaz.
Gero ez zen ezer gertatu eta apurka kontaktua galdu genuen. Koaderno batean topatu dut bere letra gaur —Aqui la Julia, la guārdia de la nit buida—, marrazki bat eta gomendio zerrenda luze bat, ordurako bateria gabe, garesti eta gozo gosaldu genuen kafetegi batean apuntatu zidana, gau luze haren azken muturrean.
Pegatina bat eman zidan; ile arrosa luzeko tipa bat besoko giharra ateratzen, sirena urbano bat —bere ama zen?— Tu peux le faire esaten.
Kutun modura daukat hor nonbait.