
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Hitzordu bat eskatuz deitu zidaten bankutik duela egun batzuk. Ordenagailu aurrean hiruzpalau ordu egin, eta goiz atera naiz etxetik, Mma denaren zaindari.
Bidean kafe bat hartu dut Pilarrenean, barran bertan titularrak begiratu. Fruta-dendatik igaro naiz gero, porruak erosi ditut, piperrak, kalabaza, platanoak, laranjak. Txitxarroa arrandegian. Tokatzen ez den usain batekin heldu naiz bankura, beraz.
Sartu naizenean ate gardendun bulegoetako batetik atera da ni baino neska gazteago bat, melena luze liso beltza, amerikana beixa. Barrura, Joana, esan dit benetan nire esperoan egon izan balitz bezala, eta une oro izan duen abegikortasun demasekoa fakultatean zein ikasgai izango ote den pentsatu dut. Justuagoa litzateke hori gabe. Zer moduz nagoen galdetu dit, zenbat den ja itzuli nintzela, baduela tratu apur bat nire gurasoekin, polita dela azazkaletan daramadan kolorea —berde mediterraneo bat da—. Naizena baino zakarrago entzun diot, harira mesedez, erregutuz begiekin. Ikusi dutela kontu bakar bat daukadala eta badagoela diru poltsa bat hor, jakin nahiko luketela zein asmo dudan horrekin.
Barkatu —Leire, ezta?—, baina zuri zer?, pentsatu dut. Sorbaldak igo, belarriak jo, jaitsi, eta, auskalo, etxe bat egunen batean?, ahoskatu dut azkenean, entzun nahi zuena, imajinatzen dut.
Ondo, zoriondu nau. 31.000 euro dituzu, oso ondo dago. Oso ondo, zertarako? Diru asko da, badakit, gauza mordo bat egin ahalko nuke diru horrekin, eta, hala ere, sentsazioa da jada ez dela guztiz nirea; zaindu egin behar dudala, ez dadin flakatu gehiegi, zaindu ahalik eta gutxien eskatzeko gurasoei, eskatzeko zuri, Leire. Ez ninduke estutu behar —Beņatek ez entzutea, Beņatek ez ditu inoiz izan 10.000 euro kontuan—, baina estutu egiten nau, barrutik ere gorri nago seguru. Ea, oso ondo, zertarako? Neure burua salbu ikusteko? Ez dakizu, agian nire itxurengatik, oraindik tarteka erosten dudan arropa garesti honengatik, ez dakizu, Leire, baina zuritasun klase hau ez dut batere maite, berez-berez, emango nioke su pixka bat, pozik, etxera joan bezain pronto azazkaletatik kenduko dudan margo suharbera honekin. Esaterako.
Konpromisorik gabe, soilik nik jakiteko, interesatu ahal zaizkidan produktuak aurkeztu dizkit: pentsio plana, etxebizitza plana, gazteentzako aurrezki plana —oraindik balio dizu, beste urte batez—. Konfiantza pixka bat egin duenean, nire gaur egungo diru-sarrerez galdetu dit, lan-arloan ditudan aurreikuspenez, nire egoera zibilaz —nola?—, alegia, nola arraio egingo dudan etxe bat erosteko, bakarrik den asmoa, ba ote dudan bikotekide balekorik, lagun ardi-galduren bat hortik.
Gazteentzako aurrezki plan bat zabalduta atera naiz, urtebeterako behintzat.
Bere lana egiten du, esan dit Aiak zerbait hartzen iluntzean. Baietz nik, biba bakea, zorion hitzak astindu nahi nituela gainetik bakarrik.