
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Hemen jaio zen aita —lanerako txoko bat atontzen lagundu dit gaur—, baina ez dirudi zirrara handirik eragiten dionik ni bertan jarri izanak bizitzen orain. Behin-behinean, beste zerbait bilatu bitartean, baina nolanahi ere.
Kale-baserri bat da, salgai darama azken urtebete pasa, baina oraingoz ez da eroslerik agertu eta ez omen dute ezer presatu nahi. Aita da herrian bizi den oinordeko zuzen bakarra, bera arduratzen da etxearen mantenu minimoaz.
Ea ez zaizun handiegia egiten, esan dit gaur berriz, begirada zirkular batean etxea osorik bildu guran bezala, laztan bat utzi. Eta handiegia ez dakit, baina bai hotza, hotzegia. Burletak erosi nituen atzo herri irteerako makroalmazenean, leihoen zirrikituetatik hala ere sartzen segitzen duen haizea gutxitzeko, eta horiek itsasten aritu gara, nola egin jakingo bagenu bezala baina eskarmenturik gabe.
Leihoa ezkerrean utzita kokatu dut lan-mahaia, eta aurrez igaro dituen etxe guztietan baino txikiagoa bihurtu da hemen. Kartoi zati bat jarri diogu hanketako bati egurrezko zoruaren gainean dantza egiteari utz ziezaion eta eskuekin apartatu dugu ahal izan dugun hauts guztia. Liburu kaxak husteko ere eskaini dit laguntza, baina hori bakarrik egin nahi dudala esan diot. Azkenean, Beņat etorri da iluntzean eta bion artean egin dugu bi gela atzeragotik musika jarrita.
Artean argi zela, garraiolari bat ibili da auzoan pakete bat entregatu guran. Aita bizikletatik jaitsi —dinosaurotxo bat zirudien, bizkarra konkortuta, irribarrea gihartsu—, eta esku bat bota diola ikusi dut leihotik.
— Ez, ez da hemen. Hau nire etxea da eta hemen nire alaba bizi da —entzun diot esaten.
Pozik kontatu diot gero Beņati, baina apenas esan dion ezer.