
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Manexen ahots-mezua Iruņetik.
Bikotekidearekin utzi duenetik gaua beste norbaitekin igaro du bart lehenengoz eta, orain, enkontruaren aparra urtuta, gauzarik ederrena bakarrik egiten ari den paseoa dela dio. Goiz da oraindik eta lanbroak hartutako kaleetan imajinatu dut, zerbait luzatu guran, kafe bat hartzera sartzen norabait.
Mendialdera noa ni bitartean, azken egunak kasik etxetik atera gabe igaro ondoren, zeru zekenari eta presazko enkarguari lotuta. Pare bat laguni bota diet amua, nahiko bazuten, ahalko bazuten, baina denek ezetz eta bakarrik egin dut itzulia, azpiko bentan bazkaldu gero.
— Batentzako jarriko dut? —ikusi nauzu bakarrik iristen, aurretik tragoa bakarrik hartzen.
Ondoko mahaian hamar bat laguneko erretiratu talde bat eseri da, izerditako fosforitoekin. Mahaiburu dagoen gizonkoteari audifono argi batzuk ikusi dizkiot —amamarenak gogorarazi dizkit: nola entzuten ziren orratzak halako uhin zorrotzak bere belarrien inguruan— eta hala ere iruditu zait ez zela gauza elkarrizketa jarraitzeko. Grazia egin dit pentsatzeak elkarren lekuan gaudela: gizona bakarrik bazkaltzen eta ni haienean mahaiburu.
“Zorionekoa gorra”, Elias Canetti, “bere burua entzuteari uzten dio”.
Partekatzeko pentsatutako entsalada osorik amaitu aurretik ekarri dit xerra zerbitzariak, kilo erdi patata izozturekin, eta berriz amaitzeko astirik eman barik hurbildu da ezer gehiago behar nuen galdezka.
— Eguzki pixka bat? —gogaitu antzean atera zait.
Irribarre ziniko samarrez erretiratu da, baina ordaindu eta banindoanean, erditik behera urre kolorez bildutako bonboi-izoztu bat luzatu dit eskura, tori, zuretzat, udaren aperitif modura.