
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Parranda egin genuen atzo eta orain amaitu da, igandeko hirurak direnean eta Gillen izeneko tipo bat etxetik atera berri denean.
Trago pare bat hartzera baino ez nintzen atera berez, baina jende gutxi zebilen eta animatu egin ninduen horrek. Ezagutzen ez genituen batzuek lanera kanpora doan bati agur festa antolatu zioten eta haien inguruan eulien antzera bukatu genuen, disimuluz baina temati, gurekin egiten zuten bezala, bide batez esan, gu baino puskaz zaharragoak ziren gizon batzuek ateratzen hasi ginenean, gauez fisikoki eta egunez birtualki.
Azkenak geratzen ginenean, batek amua jarri zidan ezustean —edo nion, ezin ziur esan— eta taberna itxi eta gutxira atariko bankuan ginen, mugikorreko linternaren argitan, etxean ia beti daukadan baina sekula edaten ez dudan patxaran botila husten, erretzen, behingoz musukatzen. Aurreratzeko esan nion, eta burua laino, beste zeregin batzuetan luzatu nintzen nahi gabe. Itzuli nintzenean, pentsatu nuen beharbada lo egingo genuela honezkero, baina hilda dirudien zomorro bat kolpetik hegan hasten den bezala bizkortu ginen, antenak, nektarra, hezurrik ez. Bero-bero jartzen nauzu, errepikatzen zidan, eta lotsatu egin nintzen eta barre egin nuen, uste dut erabat sinetsi ezinda.
Beņatek kontatzen du maitale ohi bat eta bera goizeko hirurak arte egoten zirela hizketan —aurrekoan jakin nuen bere txarteleko gakoa hari lotutako data bat dela; nire aitonarena gerra amaitu zen urtea izan zen— eta, jelosia deskargan, pentsatu izan dut batzuetan maitasun laburrenak izaten direla maitasun luzeenak. Ni ez naiz gaur arte hainbeste denbora egon ezagutzen ez dudan norbaitekin ohean hizketan. Nahi nuenean alde egingo zuela esan du, baina ez nuen presarik eta berak ere ez. Bakoitzaren bertsio berri bat urratu du besteak, eta polita izan da, polita diferente.
Alde egin duenean, beste pare bat orduz egin dut lo eta arratsaldeko bostetan irentsitako pasta platerkada seiak jo aurretik bota dut ahotik. Patxarana goizeko seietan, nori okurritzen zaio.
Hemen nago irekita utzi duen eta ireki zitekeenik ez nekien pasilloko leiho zaharrari amaraunak kentzen.
Ondo joan dadila, Gillen, leiho bat utzi didazu opari.