
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Ikasle garaian hiru izan ginen etxean, nik goizetan izaten nituen eskolak, pisukideek arratsaldez; afalostea izaten zen elkarrekin egoteko momentua.
Haien zain egoten nintzen, apur bat geratzen saiatzen nintzen gero, baina, benetan, nire gauzetara erretiratzeko irrikan egoten nintzen. Haiek berandu oheratzen ziren, egongelan geratzen ziren, telesailen batekin, ordenagailuekin.
Amak nola moldatzen ginen jakin nahi izaten zuen, zer egiten genuen, zertaz hitz egin. Arreta deitzen zidan hainbeste galdetzeak. Pisuko bere oroitzapenak kontatzen dituenean —susmoa dut benetan zoriontsua izan zela garai hartan—, beti azpimarratzen du haiek ez zutela telebistarik, are gutxiago ordenagailu bat buruko, kartetan egiten zutela, kantuan, hizketan egoten zirela batez ere, asko hitz egiten zutela nabarmentzen du beti.
— Logelak partekatzen genituen, ez zuek bezala, zuei ez zitzaizuen burutik pasatu ere egin hori.
Batera joan gara ibiltzera gaur. Ez dakit nola iritsi garen horra, kontatu dit umetan beti izaten zituztela zapatak garbitzeko etxean; hormatik hormarako zapata-ilara bat, klase guztietako oinetakoekin. Herrian zapatari asko zeudela orduan eta bueltaka ibiltzen zirela, amarenak eraman, aitonarenak jaso.
— Usain ederra egoten zen, kolarena, betunarena, eta han egoten zen gizona, zapata pila ikaragarri handi baten erdian, amantal urdin bat jantzita. Betuna beti zen edo itsas urdina, edo beltza edo marroia, gantz kolore argi bat bestela, eta kolore bakoitzarentzat zepillo bat.
Natalia Ginzburgen zapata urratuena kontatu diot nik bueltan. Baduela testu bat non zapata urratuez hitz egiten duen lagun batekin. Ginzburgek probintzian ditu seme-alabak, zapata urratuak baimentzen ez diren amaren etxean. Bitartean, bera zapata urratuekin dabil eta inportantea da hori idazlearentzat, behin, alemanen okupazioaren garaian, Erroman egon zenean, zapata pare bakarra izan baitzuen, inoiz zapatariarenean uzteko aukerarik gabe, beraz. Garai haren aurretik bizitzak gaizki ohituta zuela esaten du, maitasun samur eta adeitsuz inguratuta, eta duda egiten du zer-nolako zapatak edukiko dituzten bere seme-alabek handitan, erabakiko ote duten beren desiretatik baztertzea atsegina bai baina beharrezkoa ez den guztia, edo esango ote duten gauza guztiak direla beharrezkoak eta gizakiak eskubidea duela oinetan zapata sendo eta egokiak izateko. Lagunarekin hitz egiten du ze itxura izango duen orduan munduak.
Bizitzako aldi honetan, zutik afaltzen dut zerbait askotan, irratiarekin edo mugikorrean agertzen zaidan edozein konturekin, eta badira egunak zeinetan faltan hartzen ditudan zapata ilara luzeak dituzten etxeak, ihes egiten nien afalosteko tertulia haiek, besteen egunen ondorago amaitzea nireak.