
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Beņaten herrian aparkatu eta kotxean geratu naiz irratian bat esaten zebilenak hobeto entzuteko. Irrati kate frantses bat da, oraindik batzuetan jartzen dut belarria ez herdoiltzeko.
“Gizarte hiperarautu bat sortu dugu, ziur aski aurrez inoiz ez bezalako kontrol sentsazio bat onartu. Dena nahi dugu, ondo antolatu, denera iritsi, den-dena norberarentzat. Mundu muturreraino kalkulatu bat, horra, idealik ez, erlojuetan kaloriak, ohartarazpenak eta lo orduak, hiperkonektibitatea, antsia, estresa; gizakia ez da inoiz egon hainbeste gauzari lotuta eta, aldi berean, hain gutxi, ze…”. Ah bon. Aski, monsieur.
Azken mezu trukean idatzi zidan Andreak, gogora etorri zait, egon zaitezela ondo eta beste guztia apurka-apurka, eta hala ere itzal bat itsatsi zait pausora.
Beņat leihotik burua aterata ikusi dut orduan, barretsu. Zerbeza bat eskaini dit eta biluzik nengoen iritsi eta ordubete aurretik, ze egunetan eta ze ordutan bizi naizen ahaztuta.
Begira egon natzaio bere gauzak egiten egon den bitartean —eskuekin seitan bolak, sorbalda eta belarri artean eutsitako telefonoarekin laneko dei bati erantzun— eta erabakia ziurtatu dut isilpean.
Aiak deitu zidan atzo, hasi naiz kontatzen, bere ezagun batek alokatzen duen pisu bat hutsik geratu dela eta esan diezaiokeela gordetzeko, nahi baldin badut. Etxe-bloke zahar bateko seigarren pisu bat; bi gela, atzealdean fabrikak eta balkoi estutxo bat hegoaldera begira.
— Eta? —ni naiz ala ezetz esango dudan esperantza du?
Neurez ordaindu dezakedan zerbait da, pentsatu behar dut.