
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Lepoa ez datorkit bere onera eta fisioterapeutarenean hartu dut ordua azkenean.
Lagun batek eman dit kontaktua, bere lehengusu batena, eta oroitzen nuena baino puskaz zaharrago topatu dut kontsultan —denekin gertatzen ari zait?—. Nola sartu naizen ikusita, esan du ezin ninduela askorik ukitu —esaldi tristea—, beste zerbait probatuko genuela —hori hobeto egon da—; harrizko gorputza eskaini diot osorik, matrailezurrean mugimendu txikiak egin dizkit soilik, eta igarri egin dut nola joan den tentsioa askatzen geruzaz geruza barrutik kanpora.
Pare bat egunera bueltan joan eta aitortu egin diot aurreko egunekoarekiko lilura. Gustatu egin zaio eta beste norbait bihurtzen ikusi dut orduan; norbait goitarragoa.
— Gorputzean den-dena dago idatzita: entzuten jakitea da dena —fedea diot eta mesfidantza.
Nire gorputzean, zehazki, hau zer entzun duen: eskuineko aldean, aitona, ea banuen lotura bereziren bat haietakoren batekin, ea bizi diren, ea zerbait gertatu zen. Nik ezetz, ez nituela ezagutu. Ba zerbait badago hor, tope emozionalen bat edo, berak. Umetokia ere nabarmendu zaiola eta alegrantzia sumatu duela, baita disoziazio handia gorputzaren eta buruaren artean ere —klabikuletan faila bat bazenu bezala—, eta begietan zapi bat, ea zer den ikusi nahi ez dudan hori, pentsatu beharko nukeela horretan.
Baina pentsatu, eta hau?, pentsatu dut, zergatik begiratzen didazu nitaz nik ez dakidan zerbait jakingo bazenu bezala bat-batean?
— Pertsonak matrioxken modukoak gara —ohatila gaineko papera bezala bildu du azalpena—. Bost geruza ditugu: fisikoa, emozionala, energetikoa, mentala eta espirituala, edo batzuek arima deitzea nahiago dutena. Fisikoa zaintzen da gehien, baina fisikoa azkena da: beste guztiak zeharkatu ondoren soilik iristen gara hara. Hori bai, denek dute memoria, ez duzu topatuko gorputz bat baino biltoki hoberik.