
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Udaberri hasieran izan zen, martxo amaiera.
Bulegoko lana utzi berritan, Bordeleko museo bateko argitalpen zerbitzuetan urgentziaz norbaiten bila zebiltzala jakin nuen, eta ez bat, ez bi, han joan nintzen.
Lehen aldia nuen hirian, baina ezkutatu egin nahiko banio bezala zeharkatzen nituen bere kaleak. Unean ere ohartzen nintzen, ze ari naiz, baina are ulergaitzagoa egiten zait orain. Beharbada beldurra zen, besterik gabe, paisaia hura nire egiten asmatuko ez nuen beldurra.
Tranbian egin nuen lehen bidaian, Agnes Vardaren antza hartu nion emakume bati eta ez dut ahazteko hori; begitarte kokina, suzko ile motza. Ni zutik nindoan, bera gidariari bizkarrez, eta Visages, Villages-ekin gogoratu nintzen; lekuei lotutako aurpegiak. Hura bezala, bisitarien masatik bereizten zen jendea nahi nuen laguntzat, nahi nuen lehenbailehen; egun hartan, bazkalosteko pausan, ilea gantxo handi batean batuta erosketak egitera atera zen tipa hura, adibidez, karro tantodun bati tiraka, argazkia egin niolako oroitzen dut ondo.
Nola zoaz?, mezuak idazten igaro zituen lehen egun haiek Hegoak. Hemezortzi urte genituen ezagutu ginenean, eta orain zaila egiten zait sinestea egon zela garai bat non bera ez zegoen nire bizitzaren jiran.
Iraun zidan pixka bat hasierako lilurak. Nire eguneroko berriarekikoa, zeina nahiko bat-batean joan zen forma hartzen; banan hartuta oso gaizki jantzita zirudien eta elkarrekin ezin ederrago ikusten nuen jendearekikoa. Iluntzetan, eguzkia apaldu ahala, Saint-Michel inguruko terrazetan uzkurtzen zituztenean gorputzak, ozen egin barre, baperren eta liatzeko tabako-paketeen erruleta mahaigainetan. Gazteak eta ez hain gazteak zeuden, fakultateetatik, iragarkietatik eta Bordele Berlin balitz etxe okupetatik ateratakoa zatekeen jendea nahasian, nahasian jan usaina, zaborrarena, zuhaitzena.
Lanera bidean egunero gurutzatuko nuen plazaren sarreran, mahai bat ikusi nuen libre lehen iluntze horietako batean, taberna barruko argiak kanpoaldea ere gorriz blaitzen zuen kalearen zatian. Keinuen bitartez hitz egiten zuen tabernari bati begira egon nintzen handik, beso biak tatuatuta eta ilea gominaz atzeraka orraztuta zituen —zaila zen asmatzen iragarkien ala okupen artetik zetorren; gero jakingo nuen, mutua zen, Florence—.
Urtebeterako behar zuena uste baino gehiago luzatuko zitzaidan, eta arratsalde hartan bertan jakin ahal izango nukeen hori, hainbeste gauza sentitu izan ez banitu batera. Arratsalde hartan bertan eta hirian igaroko nuen denboran; gailurren batetik gertu eta zerbaiten mugan sentitu nintzen —ihes egin zidan gorputzaldi hark, ahalegindu nintzen itzul zedin—, galduta eta pozik, herrari, bakarrik eta aspergarri.
Kanpoko mahai hartan jarrita, heltzear zen denborarekin egiteko gai izan nintekeenari beldurra galdu izan banio bezala begiratu nion neure buruari eta sentsazio berri bat izan zen, sentsazio gozo bat hasiera bati heltzeko. Orduan aire freskoa zitzaidana —jende berria, giro berriak— haize hotz bihurtuko zen azkenerako —jende berria etengabe, inor gutxi egiaz gertuan—.
Inguruan bideak murrizten hasita zeudela zirudien joan nintzenean, eta beharbada hortik aldendu nahi izan nuen orduan, bilatzen jarraitzeko denbora bat baimendu neure buruari; gerora baino ez dut ikusi ahal izan hori.