
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Itoitzek, Aiak eta hirurok asteburu luze bat igaro genuen Baionan behin urte sasoi honen bueltan; trenez igo ziren haiek, trenez jaitsi ni Bordeletik.
Hiru egunez, zerbaitengatik zigortu nahi gintuen zeru bat izan genuen atzetik, eta, azkenean, aspermenak jota, hiri kanpoaldeko Ikean amaitu genuen bazkaloste mortal horietako batean. Nik lanpara bat erosi nuen: kristalezko bola bat, perfektua, astronauta baten kasko bat bezain. Hura gerriko sargunean finkatuta eta Aia otzara handi bat berean sartuta ageri gara Itoitzek atera zuen argazki batean. Bistan nuen Bordelen eta bistan jarri dut orain ere: astronauta iritsi berria eta sardina-saltzailea. Asteburu horretan kontatu zigun Aiak haurdun zegoela, pozik zegoela eta ikaratuta; Lur ere ageri da, beraz, nolabait, argazkian —jabetzen noa gauzak gertatu zaizkigula eta gertatu ez balira bezala segitu dugula, norbera bere bidean aurrera—.
Gaur kontua ez da hori, baina. Gaur kontua da hautsa kentzen ari nintzela, hamaika puskatan lehertu dudala lanpara. Kristalak zakarretara bota ditut, baina bonbillak argi leun zabal bat hedatzen jarraitu du —hemen-ez-da-ezer-gertatu—, eta horra: nire objektu kuttun berria.
Euskarri bat dauka, plastikozko platertxo bat, buztan zuri luze batekin arrastan. Ertz batetik helduta handik hona mugitzen dudanetan —afalosteko momentuetan, batik bat—, urte asko atzera kandelak zilarrezko platertxoetan mugitzen zituztenen irudia datorkit. Haien gorputzetan sartzen naizela irudikatzen dut, gela hauen artetik ibili zirenenetan, agian.