
Aurkibidea
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Urtarrilean itzuli nintzenean, mendia zuri-zuri zegoen.
Zerbait tragikoa gertatu berri zen —hogei urtez azpiko bi neska hil ziren auto istripuz Urteberri egunean—, eta astebetez erdi ahopean hitz egin zuen jendeak herrian, elur-ura zeraman ibaiak garraiatu ahalko balu bezala min haren parte bat.
Entzun, inoiz baino ozenago entzun zitekeen errekaren burrunba isiltasuna zartatzen.
Eguna egunari, eskola eta lantegien martxa itzuli zen ohartzerako, eta oinazea hildakoen zirkulu txikietan gotortu zen. Nik ez nuen ezagutzen zirkulu horien barruan gelditu zen inor eta kanpotik heldutako bisitari batek bezala bizi izan nuen guztia.
Jabetzen naiz herrian gauzak beti izan direla apur bat horrela niretzat; lagun gehienak beren etxeetako luzapen batean bezala mugitzen sumatzen ditut kalean eta nik ez dut inoiz ondoegi dominatu hamaika hankatako koreografia hori. Ez dut aski interes jarri izan, akaso hori da. Ondorioa: elkarrizketa askotatik erortzen segitzen dut.
Atzo, adibidez. Ireki berri duten kebabean afaltzen ari ginela, ezagutzen ez dudan norbaiten inguruan aritu ziren luze lagunak —herriko plazan apaindura guztiekin ezkondu eta urtebetera banandu den norbait, neba gaztearen etxera joan behar izan duena bizitzera—, eta mahaitik urruntzen hastear nintzela —okela birakariaren aurrean mugikorrak bahituta zeukan gaztearengana ihes egin zidan begiak—, ez dirudizu hemengoa, itzularazi ninduen lagunetako batek, partez zakar, beso bat lepo atzetik, partez gozo, besarkada osagabe eta ziurrenik krudel batean.