
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Aurkibidea
Urtarrilean itzuli nintzenean...
Paseoan bildu ditudan lorexka batzuk...
Lepoa ez datorkit bere onera...
Osabak bohemioa deitzen dio...
Hodeian zenbait gauza ordenatzen...
Poesiaren erabilera nagusia...
Zortzi edo bederatzi urte nituenean...
Hegoaren herriko jaiak dira...
Geratzen den denboraren kalkulua...
Txilek maiteminduta zeukan Andrea...
Izebak argitu didanagatik, hamar lagun bizi izan ziren etxean haren unerik populatuenean.
Sei gela ditu, sukalde bat, bi egongela, bi komun. Batean soilik pixatokia dago, bigarrenean dutxa bainuontziarekin; eta aurrekoan lagun bat etorri zen etxera eta bera ni balitz —ez legoke gaizki tarteka— bainuontziari probetxua aterako liokeela esan zuen. Egiteko dut ordutik. Egiteko ditudan gauzen zerrenda luzatzen ari zait orain, irteteko unea gerturatzen ari dela dirudienean.
Aitak maiz kontatzen du harraskan jartzen zuela amak umetan eta han garbitzen zizkiola belaun inguruak, ez zirela dutxatzen inondik ere orain beste. Izebak dio hori oso umetan baino ez zela, berak gehiago gogoratzen dituela aurreragoko liskarrak, bat dutxan sartzen zenean ez zelako behingoan ateratzen eta ate-joka ernegatzen zirelako besteak aldiro.
Denbora hartu dugu gosaltzeko eta egunak zertan joaten zaizkien galdetu diet. Ezer handitan ez, iruditzen zaie, disfrutatzen saiatzen gara, konpartitzen. Gero zehaztu dute beste erretiratu batzuekin ingurua biziberritzeko lanetan ari direla, pelikulak proiektatzeko txoko bat prestatu dutela auzoan —Bartzelonaren aldirietan bizi dira—, aurrez egin ez duten kirol guztia egiten ari direla, mendia, piragua.
Etxe aurreko belar txarrak txukuntzen lagundu didate eta izebak etxean bakarrik geratu nahi izan du tarte batez gero; Pilarrenera abiatu naiz ni Carmerekin eta jertsea kendu duenean irakurri diot kamisetan: Allozko urtegiko olatuen eran mugitzen naiz, zantar izaten ni neu, ume. Estaltzen baduzu ez duzu ikusten, azalean ezpal hori bezala. Norbaitek esan zidan, bizitzan bi gauza daude inportanteak: bihotza eta zerua. Maite dut neure burua eta beltxarga-begiekin esaten dizut dirdaian.
Bermut bana hartu dugu eta gurasoak heldu dira gero, izeba gutxira. Patatak, kroketak eta entsalada bat eskatu dut denentzat, eta argazki bat egin diet zain nengoela.
Esan dute amamaren eguraldi gogokoena zela hau: hotza eta eguzkitsua. Argiaren arrastoari jarraituta, beste terraza batean hartu dugu kafea, gozoren batekin itxi. Abiatu aurretik, gauzen bila pasatu dira etxetik Carme eta izeba, eta bi argazki txiki uger utzi dizkidate bistan. Bakarrik geratu denean topatu ditu izebak, etxea erosi zuten senide urrunenenak. Hitza eman diet berandu barik joango natzaiela bisitan eta arraro sentitu naiz atarian elkar agurtu, eta ni izan naizenean etxearen sakonera itzuli dena; neurtu ezin dudan sakonera bat.
— Hau ja ez da nire etxea; hemen bizi behar nituenak bizita ditut nik aspaldi, Joana.
Izebak atzo esandako hitzen gainean nabil gaur oinez.
— Etxea nik hor daukat, nire bihotzean, ariman, nahi duzun lekuan. Egin du bere lana, eta pentsatzen dut jarraituko duela egiten, baina pasatu zen. Nire aldia hemen pasatu zen. Itxi egiten dut.
Galdetuko banie, hauek baietz egingo lukete, bizitza, zorte apur batekin, luzea dela.