Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Begira hor daukak muga

utz itzak hemen sandaliak

atzerrian hotza baino ez duk kausituko

gorde hogei pound badaezpada ere

soldadu batzuek deskontuak ere egiten ditiztek

baina ez egiek inola begietara so egin

han bala bat bezain merke ordaintzen dituk begiradak.

 

Posible bazaik bidal iezadak postal klandestinoren bat

lur apatridetako gezurrak azter ditzagun:

justizia legeztatu dutela kantitate ttikietan

eta txakurrek giza lorategietatik abesten diotela iretargiari

konta iezaguk non dagoen azken trenbide arrastoa

sinfoniak herdoildu direnentz eta

herdoilaren sinfoniak al dauden musika kaxetan.

 

Etsaien auzuneetan giroa hobea ei duk

eta izuak ez dik traidore kamuflajerik janzten

zintzoa bahaiz jaten eman eta zein uniformerekin

fusilatu aukeratzen utziko ditek.

 

Hoa aduanatik bestaldera poltsa urdin horrekin.

Han ere ez duk hemen ez dagoenik egonen eta.

 

 

 

© Urtzi Urrutikoetxea

 


www.susa-literatura.eus