Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Iluntzeko albistegietan iragarri dizute laztana:

saguxar xuxurlariek inarrosi dute

fotografietako hautsa,

pailazo akituen zirkuak ateak edegi ditu

eta badirudi ipar-haizea bederatzi milimetrotan hurreratzen zaigula

— teletipo anonimoa —,

kaleetan diesel militarra hedatu dute atzera CS ke poteetan.

Atzamar urduriek

zure kamiseta zuriaren gerrialdea bailitzan

ferekatzen dute gatiloa,

figura emearen intsinuazio berba kiskalgarrietan ezin eta

zurruntasun hilkor baten erreka jelatuan nabigatuz.

Inperioaren bala asasinoak aspaldi makurtu ziren

begi errebeldeen pertsuasiora;

itzuli dira bertsoak eta omenaldiak,

maitaleak, ametsak eta beldurra

kaxoi zaharrenetatik gu bion bandera

josten ari zaizkigu

berezkotasunez izekitzen den borrokaren seinale.

 

 

 

© Urtzi Urrutikoetxea

 


www.susa-literatura.eus