Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Zergatik daude zuenak ez beste puntuak oro

itsutzen dituzten argi kanoiak?

Zein ziegatan gatibatu dituzue gure azoketako fruituak?

Nortzuk zarete zuek?

Nondik jaso dituzue gure bizitzetako liburuak?

Zein tintontzi darabilzue zuen dekretuetan

ametsak fusilatzen dizkiguzuenean?

 

Goizalde heze batez zabaldu zenuten nire gelako atea,

sarraila miopeen giltza astunez.

Biharamunak

estrategia suizidek sortutako

maparen abiapuntuak dira,

izurriaren kontrako txertatze masiboak;

sekula egongo ez diren arrosen arantzak

miratzen dituzte antiojo okerrekin.

Badirudi haize eta babazuza mehatxuak

egin dituela eguraldi kazetariak.

 

Non gordeko dituzue zuen

kontrabandoko guardasolak?

bisita ote ditzakegu gabardinak kendu barik?

 

Gutun ezkutuak kloroformoz busti dituzue,

zoriontasuna hedatzeko langabezia ilaran.

 

Farola bakoitzaren paisaia

terrorista bihurtu dira aurpegi bako begiak.

Gure auzuneetan merke kotizatzen da duintasuna

makilakadaka hautsitako lepoak,

izuaren langileak, aurpegi seriosak jantzirik,

egongelaraino sartu zaizkigu

orro garratzen bila zerbitzatzen digute gezurra

gerra ministerioko serbilletetan.

Hil dira

gure heroi partikularrak

etakideak ziren ikastolako urteak.

Gasolinatan itorik hil dira.

Heriotza ohorezko abentura inozenteak zireneko

sasoiak gure salaketen hautsezko

kaxoietan sartu dituzte.

 

Hau ez da antzutasunaren gorpuzte krudela baino,

psikiatriaren garapena ikertzen dute

etxera bidean bakardadea laguntzen duten

biolentziaren milaka begiek.

 

 

 

© Urtzi Urrutikoetxea

 


www.susa-literatura.eus