Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Kandela indarge honek

ez ditu zure poemetako sakonuneak argiztatu gura,

edizio mugatuko hiruzpalau liburu,

ehungarren orrialdera ailegatu barik,

egunkari hasi berria, zuritasunaren inozentzia aldean,

paperezko mukizapiak pilatzen zaizkit mesanotxean,

eta argazki desenfokatu hauek,

patrolak, uniforme berdeak eta itxaropenaren

alanbradak zientoka,

bizkor idatzitako matrikularen bat

baina zure arrastorik arean ez.

 

Zabor biltzaileen kamioiak leihoaz bestaldetik.

Sexua eta agitazioa kantu beraren irakurketak dira,

maitasunaren eta iraultzaren idazlanak biltzen ditu.

Kuarteletako laborategiek aspaldi izan zuten gure berri

gure dantzak teknika berriekin desaktibaturik

euren abertzaletasun kotizazioaren

tertulia bihurtzen dituzte.

Begiak estalita itsu itsuan fusilatzen duen

iskiluaren justizia datorkigu

diesel usaina dakar errepresioak haztamuka,

ezpainak bilatzen dizkizudan eran

borrokaren kale kantoietan ikarati.

 

 

 

© Urtzi Urrutikoetxea

 


www.susa-literatura.eus