Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Bakardadea igo da nire autobusean gaur.

Andrakila herabe baten mozorroa jantzirik sartu da

eta, aulki gehienak libre bazituen ere,

ondoan jesarri zait lotsagabe.

Leihoko dardaretan

desindustrializazioaren kanposantuko fotogramak

emititu ditu itsasoko haizeak.

Polizi helikoptero bat.

Autokontrol bako kontrol militarrak.

Estatuak gure jolasen

plano zoragarriak dituela jakin dut,

vhsan mikrofilmatu dutela harresiko graffiti kolorgea,

sei fotografia ere badituzte, bana

izenaren letra bakoitzeko.

Sorbaldatik indiskretoki agertu zitzaizun

sujetadore zintak arazoak ei dauzka zentsurarekin.

Zapata gorriak lapitz gorri batez pintatu dizkizute

zuribeltzaren gainean.

Torturaren foko beilegiak

zure adatsaren jeloskor daude.Praka grisetako hanka gurutzatuak

ebagi behar omen dira.

Euriak taigabe xuxurlatzen digu arriskua

bunker honen metalezko paretetan

eta guk ezer ez bageneki legez jokatzen dugu.

 

Gauak betiko bahitu zuen kalean jaitsi da bakardadea,

eta bakarrik utzi nau,

auzorik auzo zugandik urrunago naroan autobusean.

 

 

 

© Urtzi Urrutikoetxea

 


www.susa-literatura.eus