Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Enea okupatutako territorioa da.

Gauarekin bat heltzen da izua kale bazterretara

argi urdinez jantzirik.

Erresistentzia kateatu eta, oinazearen morroi,

sare lohiez gatibatzen gaituzte.

 

Ez ei da zilegi gure oletan ibiltzea,

zigarro piztuen eta erratz makilen zokoak

aski bide dira goizaldea urratzen,

maitasun debekatuak praktikatzeko.

 

Nahiko genuke azken zulotxoetatik

hitzak barreiatzea haizeak,

uniforme kamuflatuen eta auto blindatuen

harresiak oztopatu barik.

 

Maite dugu

torturapean irtendako azken izena,

eta hegal urratua

adarrik adar lege antiterroristarik

gabeko solasetan hegaldatzea.

 

Maite dugu mozkortzea eta euskaraz

larrua jotzea,

baina horretarako ere

lur honetan

berun asko behar da oraindik.

 

 

 

© Urtzi Urrutikoetxea

 


www.susa-literatura.eus