Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Demagun

hau ez dela desolamenduaren zubian eskegitako

ziega bat

eta demagun baita ere

zu ez zarela ur geldoetan harrapaturik gelditu zen untzi ilehoria

orduan pentsa genezake zinema hustu bat eta

egun euritsu bat

edo pentsa genezake zinema bete bat eta

egun euritsu bat

nire baitako irudiak fotograma solteetara sinplifikatu

zirenetik zirimiri mengel hau baino ez dago

kapitaleko bide bustietan kokatzen zaitut

bota gorriekin plisti plasta

hor eteten zait pelikula ez the end ez betiko paris

egunero zine pantaila berberean giltzepetzen naiz

zure ulerkortasunaren begiradapean

beldurra ezin ostenduta zentsuraren sirenen zain

artega

higitzen duzu borrokalari modernoen orrazkera berria

eta ematen du bizitza eten eta zauri hilkor bat egin didazula

zure labanaren indiferentzia harroaren

biktimen alde egiten dut otoitz burdinen kontra

delituz erratzen denaren antzera sartu nintzen aretoan

eta hemen darrait zure kateen gatibu

xirula baten orkestra oso soinu banda ona da

denbora hasi zen garaitik fanzineetako

olerki musikatuak

derrotaren gidoia bakarrik ezagutzen dugunontzat

 

 

 

© Urtzi Urrutikoetxea

 


www.susa-literatura.eus