Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Aspaldi jagi da egun berria: ez zakartza berarekin.

Joan da ihesi iretargi betedun gau hau eta alkoholetan

urtu da maitetasuna.

Zu ez zaude eta beldur naiz.

Eta hor zoaz eta mezu sekretuak xingletzen dituzu.

Ez, gaur ez zaude inon.

Autobus geltokiko kafetegia hondamendiak

laztanduriko desamodioaren tenplua da.

Kolore definigaitzeko begiradak eta gosari egin berriak

gurutzatzen dira «nora» eta «nondik»

ezezagunetako ibilgailuen moduan.

Zazpiehun itaunetako

xerloen sekretuen moduan gurutzatzen dira.

 

Zeintzuk dira zure kutxa ezkutuetako giltzak?

Non gorde dituzu iluntzeetako

konplizidadea eta kamiseta estuak?

Zein egunsentitan zerbitzatuko didazu

desesperaziozko pattar berri bat?Nor zara?

Zein bidek gatibatu nau?

Eta zergatik estutzen dituzu asmatu ezin ditudan kateak?

 

Zuk isiotutako ilusioekin daramatza galderak haizeak,

izan litezke adibidez highlandseko gaita baten notak,

hau guztia hain hitsa ez balitz.

Eremu finitu hauetaraino ekarri ninduten atzoko seinaleek;

ziega honen hormak ixten dituzu eta ez zaude hemen.

Ez zaude agur monamour batez agurtzeko,

irribarre arriskutsuegia daukazu

maitasun dekadente hauetarako;

ez zaude eta segi hor,

egunek argitzen dituzten haitzulo pesimistak altxatzen.

 

 

 

© Urtzi Urrutikoetxea

 


www.susa-literatura.eus