Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Baldin errepide honek helmugarik balu,

harrizko mapa honek esanahiren bat

agur eutsi ekin berandu da the end

baleuka bere biluztasun zaporgean,

beste zerbait izkiriatuko nizuke seguruenik.

 

Izkiriatuko nizuke seguruenik

hau zure antzekoa dela,

hotza gogorra eta intimitatearen soineko

ederra jantzirik beti

edo hemen egotea

zure ausentzia bezain hitsa izan daitekeela.

Seguruenik horrelako gauzak izkiriatuko nizkizuke

eremu infinitu honen erdian

itsasoa non marratzen den baneki,

ez banintz zuribeltzezko

argazki koxkor honetako protagonista;

Stand by me irrati bertsio miserableenak ere

ahaztu du lurralde hau,erlojuak eta brujula sakrilegioak dira hemen

eta iparrerago joz haizearen

berba ttikiena xerkatzen dut

malenkonia eta irudi hautsiak soilik

garraiatzen dituela ohartzeke.

Desolamenduaren aberrian amorante apatridek

kontsolamendu berriak asmatzen ditugu

bihotz minberentzat, suizidiorako ere

koldarregiak diren hirugarren mailako poetentzat.

 

 

 

© Urtzi Urrutikoetxea

 


www.susa-literatura.eus