Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Travellers eufemismoa asmatu zuten

izate oso baten lotsaria

errespetuzko mozorroz ezkutatzeko,

usteldu ziren garaiak berpizten dituzte

gitarra proletarioekin,

suburbioetako teknologiaren azpigarapenak

berun azalez jantzi ditu antzinako kate uherrak

zaharrenek ere oroitzerik ez duten askatasun bila.

Heroinaren itsasoetan aingura altxatzea nekeza da,

merkatu ibiltarietan inork miresten ez dizkieten

bitxien ontasunaz sinestarazi gura lukete

joan ziren sasoietako amoranteen liburuak

urtu egin dira,

esku zarten paisaia tropikalean

garrasi sentituak prefabrikatzen diren urteetan

mesprezua da sentimendu bizien errepresioa.

 

Arrosaren arantzek galdu zaituztete

hosto gorrien perfumetan

eta bidean jarraitzen duzue

sekula seinalerik ezarriko ez den autopistan.

 

 

 

© Urtzi Urrutikoetxea

 


www.susa-literatura.eus