Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

                    —1—

 

Nolabait funtzioak beti aurrera jo behar duelako

bakarrizketa hau osatu dizut gaur goizean,

esnea berotu eta leihotik euria

margotu dut eta termalgin kaxa zabaldu.

 

Maitemindu hordien egunkariak

sano pieza bereziak dira,

eskribitzaileak ere ez du eskribitutakorik ulertzen ahal,

lerro deszifragaitzetan

sentimenduen biluztasuna transkribatzen da,

noizean behin zure izena dirudien

zirriborroa antzeman eta

«hau bai, baliteke» mintzo da ajea.

 

Telefilme kaskar bat zegoen,

pailazo herabeen malkoen gisan oroitu zaitut,

pubaren erdialdetik abesten zizun

musugitarra country horrekin.

Sonbreru bat eta zeru estalia,

hitz joko kateatuetan

behin eta berriz ekartzen zintuen.

 

Zerbaiterako balioko balu

esanen nizuke hamalaugarren godaleteko

zina betetzen saiatu, saiatu naizela

eta telefonoraino parajetu ere egin naizela.

 

Zeresanak tabako paperetan erre dira ordea,

ez daukagu biharamun euritsuetako kafeetan

errudunarena antzeztea baino.

 

Funtzioak beti aurrera jo behar duelako.

 

 

                    —2—

 

Musugitarra jostari batek zauzka gogoan

doinu countryetan,

pub ttiki honetako bikoteek

maitetasuna isiltasunaren adimenean isiotzen dute

patiladun gizon lodi horrek guri abesten digulako

nota sentituak eta hitz jokoen

zangalatraba ulertezinean,

«saiatu naun, bihotzak hakarrelako, baby».

Hogeita hamar txalo giro ezti baten

azken bateria kolpeekin

baina ez,

ez gizon patiladunik,

ez cowboy sonbrerurik ez budweiserrik,

nire bakardadearen hondarrak bakarrik daude

taberna zulo honetan.

 

 

 

© Urtzi Urrutikoetxea

 


www.susa-literatura.eus