Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Ohe bazterrean pilaturik utzi ditut liburuak

eta flexoa amata eta bihotza isetu dut.

Gaur urduri heldu naiz etxera

giroan polizia sozialen kamuflajea

txarto dekoratu dutelako

eta goizean itsatsitako kartelak zoruan

hautsirik jaso ditudalako.

Jausi berri den egunkari faxista xerkatzen dut

atzamarrez ohepetik,

zure argazkia agertu zeneko ale hura gordetzen dut

oraindik,

orrialdeak beilegitu eta fotografiakoa

zu ez zarela jakin arren.

 

Erritualerako prestatu naiz

eta pot bat eman dizut bekokian eta

pijamako prakak erantzi eta komuneko papera

mesanotxean dagoela ziurtatu dut.

Pertsianako zirrikituetako argitik ez zatoz zu eta

iluntasunak guztiz irentsi arte beheratu dut,gero imajinatu egin zaitut goizeko iruditik,

orrazkera berriak sama desiragarriago marrazten dizu,

ezpainetako autobidean hegoaldera

polo grisetik ez dizut

sujetadorearen kolorea asmatzen ahal,

zuk zuria behar duzu ordea

ez duzu sekula... beno, oso gutxitan.

 

Eta gaur ez didazula so egin ohartu naiz

gure alfabeto sekretua mututu egin dela

eta eskuan amets dekadente baten arrastoen

gutun loakartua baino ez daukat.

Goizeko praka bakeroak ondo lotzen zitzaizkizula

eta kuleroak marratu eta

estaltzen saiatzen zinen lerrottoa

deskribatzen zizun eta nik inoiz

sentitu dut zure epela belarri ostean eta

oharkabean bailitzan bizkarra zulatzen zenidan

kamiseta zuriko bularrak itsatsiz.

 

Baina ez, gaur kanpaia nasai jotzeko ere,

sirena gehiegi entzuten da.

 

 

 

© Urtzi Urrutikoetxea

 


www.susa-literatura.eus